Ordiziako skate parkea, berrituta
Herriko kirol instalazioen mantenimendu programaren barruan kokatzen dira lanak. Puskatutako elementuak konpondu dituzte eta parke osoa margotu dute
Ordizian geroz eta gehiago praktikatzen da skate deritzana, gurpildun ohol baten gainean ibilita akrobaziak egiteko jolasa eta kirola. Horretarako gunea ireki zuen udalak 2011ko apirilean Upabialdean, skate parke bat. Bederatzi urte eta gero, berritu bat eman diote parke horri, eta joan den asteburutik irekita eta erabilgarri dago berriz ere, skate zaleen gozamenerako.
Ordiziako Udala herriko kirol instalakuntzetan egiten ari den mantentze lanen barruan kokatzen da skate parkearen berrikuntza, Jon Ander Caballero gazteria eta kirol arloetako zinegotziak azaldu duenez. Skate parkea erabilpen handia duen gunea da, baina aspaldian ez da bertan mantenimendu lanik egin, «utzita bezala zegoen; lauza batzuk puskatuta, graffitiekin margotuta… ».
Lanak ez dira handiak izan, puskatutako elementuak konpondu eta margotu egin dira, gorriz, grisez eta beltzez, «txukundu egin dugu». Segurtasuna bermatzeko sare bat instalatzea falta da oraindik. Lanak egiteko skaterren ekarpenak izan dituzte kontuan, eta Caballeroren esanetan, «oso pozik» geratu dira emaitzarekin».
Skate parkeetan esperientzia duen Getxoko (Bizkaia) enpresa batek egin ditu lanak. Aurrekontua 4.000 eurokoa (gehi BEZa) izan da.
Gipuzkoan bakarrenetakoa
Ordiziakoak ez ezik, Beasaindik, Itsasondotik eta inguruko beste herri batzuetatik joandako skaterrak ere ibiltzen dira parkean. Izan ere, instalazio horietan dagoen pool-a edo igerilekua Gipuzkoan bakarrenetakoa da, eta zale ugari erakartzen ditu.
Skate parke hori hiru eremu nagusitan dago banatuta. Flow izenekoa da bat, eta ibaiaren parean dago. Duna moduko batek zeharkatutako arrapala du eta, gainera, zailtasun handiko loveseat deritzan oztopo bat ere bai. Haren beheko aldean, beste eremu bat dago bainuontzi formakoa eta metro bateko sakonera duena. Bainuontziaren ertzak altuera ezberdinetakoak dira.
Erdialdeko zatiari, street deitzen diote. Eremu horrek eurogap izeneko plano inklinatu bat eta hugga deitutako plano goratu bat hartzen ditu. Azken horretan, patinatzen jaisteko baranda edo eskudel bat dago, kalekoak bezalakoa, baita oreka ariketak egiteko planter bat ere.
Azkenik, beste bi eremuen atzealdean dago pool edo igerilekua. Giltzurrun forma du eta bi zulo borobil; metro bat eta 20 zentimetrotik bi metrora arteko sakonera hartzen du.
Parkeak 838 metro koadro ditu, eta hasi berrientzat zein adituentzat oztopo eta aukera asko ditu. Monopatinarekin, patinekin, patinetearekin edo bizikletarekin gozatu edarrak hartzeko modukoa da.












