Legazpiko Udalak herriko ostalaritza laguntzeko On Egin bonuak atera ditu
Ekainaren 15etik uztailaren 31ra arteko balioa izango dute. Janarian edo kafe eta infusioetan 10 euro gastatuz gero, 5 euro udalaren kontura izango dira. Guztira 12.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza horietarako.
Koronabirusak herriko hainbat sektoretan eragindako kalte ekonomikoari aurre egiteko helburuz, ostalaritzari zuzendutako laguntza programa jarri du martxan Legazpiko Udalak, On Egin bonuen bitartez. Atzo aurkeztu zuten kanpaina berri hau Koldobike Olabide alkateak, EAJko Erik Galvezek, EH Bilduko Edurne Gonzalezek, PSOE-EEko Oscar Vlbuenak eta Legazpiko Berdeak taldeko Alberto Bezunarteak, eta herriko ostalarien ordezkaritzan, Xarpot tabernako Mikel Canterok, Ibai Ondo tabernako Mari Jose Triguerok eta Laubide jatetxeko Josu Etxeberriak.
Olabidek azaldu zuenez, “gure herriaren ekonomia berpizteko helburuz” martxan jarritako kanpaina da On Egin Bonuak, “ostalaritza establezimenduetan kontsumoa bultzatuko duena, eta herritarrentzako onurak ere izango dituena”. Kanpainara atxikitzen diren taberna edo jatetxeetan egindako 10 euroko kontsumo bakoitzeko, udalak 5 euro jarriko ditu, baina janarietan (menuak, plater konbinatuak, ogitartekoak, pintxoak edo antzekoak,) eta kafeetan edo infusioetan egindako gastua izan beharko du; “alkoholaren, freskagarrien eta beste edari batzuen kontsumoa diruz laguntzea baztertu egin dugu”. Gehienez 100 eurora arteko kontsumoak lagunduko dituzte bonu hauen bitartez.
Kanpaina honetarako 12:000 euro bideratuko ditu Legazpiko Udalak, eta guztira 4.200 bonu kaleratuko ditu. Ekainaren 15etik uztailaren 31ra arte egongo da indarrean