Maskaren derrigorrezko erabilera, normaltasun berrirako bidesaria
Ekainaren 22an hasiko den aro berrirako araudia onartu dute. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da, 1,5 metroko segurtasun tartea ezin bada bete
Koronabirusaren pandemiaren ondorioz ezarritako alarma egoera amaitu eta normaltasun berria iristen denerako araudia onartu zuen Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak, atzo goizean. Orain, Kongresuak berretsi beharko du, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto jarri ahal izango da indarrean. Kongresuaren bozketarako EAJ eta Ciudadanos alderdien baiezkoa adostu du dagoeneko Sanchezen exekutiboak, eta ez dirudi arazoak izango direnik testuaren onarpenerako.
Dena ondo bidean, alarma egoera arintzeko hirugarren fasearen amaieran hasiko da aplikatzen normaltasun berrirako dekretua, hau da, ekainaren 22an. Egun horretatik aurrera, gainera, estatu osoan zehar mugitzea libre izango da.
Autonomia erkidegoekin adostutako Errege-Dekretu Lege horrek ez du iraungipen datarik izango, eta Salvador Illa Osasun ministroak atzoko Ministro Kontseiluaren amaieran egin zuen agerraldian jakitera eman zuenez, «birusa behin betiko garaituta dagoenean» utziko dio indarrean egoteari, hau da, SARS-CoV-2 aren aurkako txertoa edo tratamendu eraginkorra izan arte iraungo du.
Maskara, derrigorrez
Araudi berrian jasotzen diren neurrien artean, maskara erabiltzeko derrigortasuna da nabarmenena, eta herritarren egunerokoa gehien baldintzatuko duena. Koronabirusaren kutsatzea saihesteko helburuz, normaltasun berriaren aroan sartuta ere, 6 urtetik gorakoek maskara erabili beharko dute derrigorrez bide publikoan, aire librean eta erabilera publikoa duten edo publikoarentzat irekita dauden espazio itxi guztietan, beti ere pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde ezin bada. Se- gurtasun tarte hori 1,5 metrokoa izango da ekainaren 22tik aurrera, eta ez 2 metrokoa orain arte bezala.
Neurri horrek eragin berezia du garraio publikoan. Hemendik aurrera ere, autobusetan, trenetan, metroan, taxian, hegazkinetan eta itsas garraiobideetan maskara eraman beharko da, baita ibilgailu pribatuetan ere, bidaiariak ez badira etxe berean bizi.
Salbuespenak eta isunak
Maskarak erabiltzeko salbuespenak ere aurreikusten ditu normaltasun berrirako araudiak, Hala, salbuetsita geratuko dira arnasketa gaitz edo zailtasunen bat duten pertsonak, maskarak euren egoera larritzen baldin badu; baita maskara jartzeko eta kentzeko autonomiarik ez dutenak ere. Bestalde, aire librean kirola egitean ere ez da derrigorrezkoa izango, ezta maskara bera egin beharreko jarduerarekin bateraezina denean ere, jatean edo edatean adibidez.
Derrigorrezkoa den kasuetan maskara ez eramatea, bestalde, arau hauste arintzat hartuko da, eta horrek 100 eurora arteko isuna ekarri dezake.
Prebentzio neurriak
Normaltasun berriaren aroko bizimodua arautuko duen dekretuak, bestalde, indar berezia jartzen du koronabirusaren aurreko prebentzio neurrietan.
Lan zentroak, ospitaleak, hezkuntza zentroak, adinekoen eta desgaituen egoitzak, merkatal zentroak, merkataritza lokalak, hotel eta alojamenduak, taberna eta jatetxeak, kultur ekipamenduak, kirol instalazioak, ikuskizun publikoak… denak daude jasota dokumentuan, eta denei segurtasun tarteak, garbitasun eta desinfekzio neurriak edo jendetzak saihesteko bideak eskatzen zaizkie, besteak beste.
Normaltasun berria
MASKARAK
· Derrigorrezkoa 6 urtetik gorakoentzat. Bide publikoan, aire librean eta erabilera publikoa duten edo publikoarentzat irekita dauden espazio itxi guztietan, pertsonen arteko segurtasun tartea gorde ezin bada.
· Garraio publikoa. Maskara eraman beharko da autobusean, trenean, metroan, taxian, hegazkinean… eta ibilgailu pribatuetan, bidaiariak ez badira etxe berean bizi.
· 100 euroko isuna. Maskara ez erabiltzea arau hauste arina izango da, eta 100 eurora arteko isuna jarriko da.
· Salbuespenak. Arnasketa gaitzen bat edo arnasketa zailtasunen bat dutenenek ez dute erabili beharko, ezta egin beharreko jarduerekin bateraezina denean ere (jateko edo edateko, adibidez), edo kirola egitean.SEGURTASUN DISTANTZIA
· 1,5 metro. Pertsonen arteko segurtasun tarte berria 1,5 metrokoa izango da.
PREBENTZIO NEURRIAK
· Lantokietan. Zuzendaritzak garbitasun eta desinfekzio neurriak hartuko ditu (xaboia edo gela, desinfektatzailea). Langileen artean 1,5 metroko distantzia ez dagoenean, babes ekipoa erabili beharko dute.
· Ospitaletan. Babesteko materialak beharrezko kokapenetan daudela ziurtatu beharko da, eta garbitasuna eta desinfektatze lanak zorroztu.
· Hezkuntza zentroetan. Jendetzak saihestu, segurtasun tartea bermatu eta garbitasun neurriak ezarri beharko dira.
· Adinekoen egoitzetan. Birusaren agerraldi berrietarako plangintza prest izan beharko dute.
· Merkatal zentroetan. Edukiera zaindu beharko dute, eta desinfekzio arauak bete.BOTIKAK
· Erkidegoen esku. Botiken zainketa, kontserbazioa eta banaketa erkidegoen ardura izango da. Gobernu zentralak prezioak kontrolatu ahal izango ditu larrialdi egoeren aurrean.
GAIXOTASUNAREN BERRI
· COVID 19a, derrigorrez jakinarazi beharreko gaixotasuna. Larrialdi egoerak jakinarazi beharko dituzte erkidegoek, eta informazioa eman birusaren jarraipenerako.