Aroztegietan lan faltarik ez
Alarma egoeraren ondorioz aroztegiak ere itxita egon dira tarte batean. Berriz ere lanean hasteko aukera izan dutenean, tailerretara itzuli dira eta aurreko enkarguei eta sartu diren berriei helduta, martxa ederrarekin hasi dira.
Amaierara iristen ari den alarma egoerak etxean utzi zituen hainbat eta hainbat sektoretako langileak, Aste Santuaren aurretik Espainiako Gobernuak ezinbestekoak ez diren jarduerak bertan behera geratzea agindu zuenean. Debeku hura altxatuta, beste batzuk indarrean mantendu zituzten, horien artean eraikuntzako sektoreari eta horri lotutako gremioei zuzenean eragiten zietenak. Hasiera batean, jendea zegoen etxebizitzetan ezin zen lanik egin, eta hutsik zeudenetan, komunitatearen baimena beharrezkoa zen. Ondorioz, eraikuntzaren alorraren inguruko enpresa gehienek eten edo moteldu egin behar izan zuten jarduna, horien artean arotzek.
Beasaingo Ibai-Ondo eta Urretxuko Biona dira alarma egoeraren eraginez tailerra tarte baterako itxi egin behar izan zuten bi aroztegi. Orain martxan hasita daude berriz, lan dezenterekin gainera, baina fakturatu ez duten epe horren ondorioez eta etorkizunak ekarriko dietenaz kezkatuta daude.
Bi hilabete itxita
Beasaingo Antzizar auzoan dagoen Ibai-Ondo aroztegiaren eta altzari dendaren arduradunak Jesus eta Eneko Maiz aita-semeak dira. 1973an sortutako enpresa horretako aroztegian, arotz lanak orokorrean eta neurrira egindako altzariak egiten dituzte, eta dendan denetariko altzariak saltzen dituzte.
Espainiako Gobernuak martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean ezinbestekoak ez ziren jarduerak etetea agindu zuenean, «gure aholkulariekin hitz egin genuen, eta dendan dugun langileari aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea [ABEE] irekitzea erabaki genuen», azaldu du Eneko Maizek. Bera eta aita, berriz, autonomoak dira, eta «egoera luzerako ez zela izango eta eutsiko geniola pentsatu genuen»; horregatik ez zuten inolako laguntzarik eskatu beraientzako.
Baina kontua luzatu egin zen, eta azkenean «hilabete pare bat» eduki zuten itxita aroztegia. Bezeroentzako lanik egin gabe egon ziren tarte horretan guztian, eta «etxerako» lan batzuk egiten jardun zuten. «Hasieran ezin genuen bezeroen etxeetara joan, gero komunitatearen baimena behar genuen… horregatik kanporako lanik ez egitea erabaki genuen». Ondorioz, horren aurretik egindako enkarguak airean geratu ziren.
Bezeroentzako lanik egin gabe bi hilabetez egon ondoren, tailerrera maiatzaren erdi aldean itzuli ziren, gelditutako enkarguei berriz heltzeko; denda ekainaren 1ean ireki zuten, eta orduan hasi zen lanean bertako langilea. Tarte horretan fakturatu gabe egon dira, «baina gastu gehienak mantendu egin dira, autonomoen kuota, aseguruak, ibilgailuak, lokaleko argindarra, ura…».
Lanean hasi direnetik, Ibai-Ondo aroztegian jaso dituzte enkargu berriak, eta momentuz «lana badugu» dio Enekok. Gero etorriko denak kezkatzen du gehiago arotz gazte hau. Geldi egon diren bi hilabete horietako galerak konpentsatzeko «abuztuan lan egin beharko dugu agian» aurreratu du, baina «mugimendurik ez badago ez, gastua ez dugu alferrik sortu behar!». Hortik aurrerakoak, ikusteko.
Epe motzera begira, baikor
Biona aroztegiak, berriz, Urretxun du egoitza, Erratzu industrialdean. Jon Toledok zuzentzen du 1950an bere aita Jesusek beste bazkide batzuekin sortu zuen enpresa. Gaur bost langile dira guztira eta era guztietako arotz lanak eta egurrezko altzariak egiten dituzte bertan.
Alarma egoeran lanik egin gabe bi aste bakarrik egon dira Bionakoak, Toledok azaldu duenez, «Aste Santuaren aurreko bi aste horiek». Ondorengo asteak «xelebreak eta arraroak» izan direla aitortu du, «ez genekien garbi zein etxetara joan gintezkeen, zein etxetara ez…». Hutsik zeuden etxebizitzetan lan egin zezaketela esan zuten hasieran, baina gero «ezinezkoa zen, teorian lan egin genezakeen baina materiala sartzeko edo gune komunak erabiltzeko arazoak izan genituen». Egoera hori bi asteko kontua izan zela dio Toledok, eta gero lan egitea izan zutela, baina zama lanak noiz egingo zuten jakinarazita.
Baserrietan eta tailer batzuetan ere lan egin zitekeen eta horrekin, «gurea moldatu genuen nolabait, tailer bateko eta baserri pare bateko lanekin, eta beste irteera batzuekin». Larrialdiko lanak ere egin zitezkeen, eta horietako batzuk ere suertatu zitzaizkien. Bestalde, taberna eta elkarte batzuk itxita egon diren asteetan barruan lan batzuk egiteko ere aprobetxatu dute, eta horietan ere lan egin dute Bionako langileek, «Zumarragako Casinon, adibidez, barraren atzealdeko armairua aldatu dugu».
Direnak eta ez direnak eginda, aurrera egin dute aroztegi honetakoek, eta bi astez itxita egon arren, ez dute ABEErik ireki behar izan, «erabaki drastikorik hartu gabe» moldatu dira.
Ekainaren 1etik %100ean ari dira lanean, eta «zalapartaka» hasi direla dio Toledok. «Aurreko asteetan karteraz kanpo zeuden lanak ere egin ditugu, eta zintzilik geratu zirenen zain zegoen jendea».
Koronabirusaren eraginez bi aste egon dira fakturatu gabe Bionan, baina hor galdutakoa berreskuratuko dutela uste du aroztegiko zuzendariak. Aitortu duenez, alarma egoerak kalte egin die, «baina ez telebistan eta ikusten den bezala beste sektore batzuei adina». Izan ere, Bionak «oso merkatu lokalean» egiten du lan, herrian eta inguruan, eta ez du, adibidez, hornidura arazorik izan eta «esportaziorik ere ez dugu geldituta».
Orain dena martxan dago, etxe barruetan lan egin daiteke, obrak ere hasi dira… «Epe laburrerako aurreikuspen onak ditugu, epe luzerako ez, ez dakigulako zer etorriko zen».