Manparetako xaflak, Legazpin eginak
Plasnor lantegiak egokitu egin du bere jarduera koronabirusaren krisiaren ondorioz; babes manparak egiten dituztenentzako metakrilatozko eta poliestirenozko plakak ekoizten ditu orain
Zailtasun garai guztiek aukera berriak dakartzatela dio esamolde batek, eta Legazpiko Plasnor enpresak horiek hitz hutsak ez direla erakutsi du. Izan ere, koronabirusaren eraginez bere ohiko ekoizpena moldatu eta garai hauetan hain beharrezko bihurtu diren babes pantailak edo manparak egiteko metakrilatozko eta poliestirenozko xafla gardenak egiten hasi da.
Hego Euskal Herrian produktu hori extrusioaren bidez fabrikatzen duen enpresa bakarra da, eta sektorean ospe handia lortzen ari da, entrega epeak oso laburrak dituelako.
Eskari handiko produktua
Plasnorreko zuzendari komertziala den Gorka Goikoetxeak azaldu duenez, Legazpiko enpresa hau extrusioaren prozesua erabiliz koloretako eta erabilera askotarako xafla plastikoak ekoizten espezializatuta dago. Koronabirusarekin gauzak asko aldatu dira bertan, ordea. «Gure negozioan xaflen ekoizpena da nagusi, eta %70 esportatu egiten dugu bost kontineneteetara… Mugak itxi zirenean, gure bezero kartera jaitsi zen bat batean». Haren aurrean, mahai gainean bi aukera jarri zituztela gogoratu du Goikoetxeak, lantegian ABEEak egitea edo berrikuntzan inbertitzea eta garai berri hauetan eskaria handia duen produktu bat sortzea.
Bigarren aukeraren alde egin zuten. «Horretarako gakoa izan da lantegian bertan I+G saila izatea, duela urte batzuk sortutakoa». Departamentu horren lanari esker, Plasnorrek orain arte ekoitzi ezin izan duen produktu berri bat ekoiztea lortu dute: metakrilato eta poliestireno gardenak, babes manparak egiteko erabiltzen diren plastikozko bi material. Ezaugarri desberdineko materialak dira, baina aplikazio bera dute.
Xafla gardenen ekoizpena
Inbertsio handiak egin eta makinak egokitu zituzten lehenik, makina horien hornitzaileen ezagutza eta Plasnorreko langileen esperientzia elkartuta, eta frogak eginez eta akatsak zuzenduz. Langileak prestatu zituzten ondoren, eta duela hiru aste hasi ziren metakrilatozko eta poliestirenozko xaflak ekoizten. Eskaera asko izan dituzte orduz gero, eta «bezero karterari buelta eman diogu», azaldu du Goikoetxeak.
Xaflak 1,22 metroko zabalerakoak eta 3 metroko luzerakoak dira, eta lodiera milimetro baten azpitik hasi eta 8 milimetroraino iritsi daiteke. Bi aurpegiak babesteko plastiko urdin fin batez estalita ateratzen dira lantegitik.
Gaur-gaurkoz, xaflen ekoizpenak Plasnorren fakturazioaren parte garrantzitsu bat suposatzen du, eta negozio lerro honekin jarraitzeko asmoa dute. Hala ere, «merkatua etengabe zaintzen egon beharko dugu». Goikoetxeak esan duenez, azken asteetan Txinatik hasi dira iristen antzeko produktuak, baina «kalitate okerragokoak dira».
40 urteko esperientzia
Plasnorrek 40 urte baino gehiago daramatza plastikoaren alorrean lan egiten; 1974an sortu zen Legazpin. Egun 65 langiletik gora ditu. Goikoetxea zuzendari komertzialak azaldu duenez, Plasnor «plastiko transformatzailea da». Granza deituriko plastikozko aletxoak dira lehengai nagusia. Horri kolorea eta produktuari besteak beste propietate bereziak ematen dizkioten gehigarriak erantsiz, master bach deitzen den bigarren produktu bat sortzen da extrusioaren prozesuaren bitartez. «Plasnor plastiko estirenikoetan dago espezializatua, eta xafla formatua ekoizten dugu», dio Goikoetxeak. Termokonformatuaren prozesua etortzen da gero, molde baten bitartez, bezeroak eskatutako forma emateko moldatzen dira xaflak. Prozesu guztia Legazpiko lantegian burutzen da. «Gu ez gara produktuak saltzen dituen enpresa bat, baizik eta bezeroaren neurrirako irtenbideak eskaintzen duen enpresa bat», eta hori posible egiteko ezinbestekoa da lantegian bertan duten bulego teknikoa, handik abiatzen dira proiektu guztiak.
Hotzarena izan da urteetan Plasnorren merkatu lerro nagusia –hozkailuen barrualdeak, egiten zituen adibidez– baina azkenaldian automoziorako egin dute lan asko, ibilgailuen karrozeria piezak edo autobusen barruko piezak besteak beste. Energia berriztagarriaren sektorerako ere lan egiten dute, haize errotetarako pieza batzuk eginez. COVID-19aren krisialdia sortu zenean, bestalde, ospitaletako oheetarako plastikozko piezak ere egin dituzte Plasnorren. Sukalde altzairuen alorrerako ere lan asko egin dute, altzari horiek estaltzeko metakrilatozko xaflak eginez, kolore eta akabera askotakoak.
Plasnorren jardunean, azkenik, ingurumenarekiko kontzientziazioa eta errespetua garrantzitsuak dira; «guk ez dugu hondakin plastikorik sortzen, dena berrerabili egiten dugu»