Asteburuan ospatu behar ziren festak ez dituzte ahazteko Hegialden
Atzoko txupinazoaren eta musika-kamioiaren kalejiraren ondoren, gaur Goiz Deia Bandako txistulariek eman diote hasiera koronabirusak bertan behera utzitako jaien ordez antolatutako egitarauaren bigarren egunari
Aurten 40 urte betetzen zituztelako jai handiak izatekoak zirenak, ekitaldi xumez osaturiko egitarau labur batek ordezkatu ditu Legazpiko Hegialde auzoan, koronabirusaren ondorioz. Ohi bezala ezin badira ospatu ere, auzotarrek aurkitu dute modua azken 40 urteko hitzorduarekin bat egiteko, eta egitarau labur baino esanguratsu bat prestatu dute egun hauetarako. Auzoa goitik behera apaindu dute eta girorik ez da falta.
Festak gogoratzeko ekitaldiak atzo hasi ziren, txupinazoarekin eta auzo guztira musika eraman zuen kamioiaren kalejirarekin. Gauean ez zen parrandarako aukerarik izan, eta horregatik gaurko lehen hitzordua goizean goiz zuten, Goiz Deia txistulari bandaren kideekin. Horiek ere txistuaren soinua eraman dute auzoko txoko ia guztietara, balkoietatik txaloren bat edo beste jasotzen zuten bitartean.
Antzeko eginkizuna izan dute aurrerago Doinua Musika Eskolako dultzainero taldekoek ia eguerdi partean; auzotik bira egin ondoren, Laubideko kale nagusian geldialdia egin eta emanaldi bat eskaini dute, bertaratutako jende apurraren gozamenerako. Arratsaldean 18:00etan berriz kaleratuko den musika-kamioia, eta gauean, eguraldiak laguntzen badu, 22:30ean su artifizialak izango dira.
Ekitaldi hauei amaiera emateko, bihar 11:00etan Legazpi Musika Bandako musikariek kalejira egingo dute.
Antolatzaileek zentzuz jokatzea eskatu diete herritarrei, eta segurtasun tarteak gorde behar direla gogorarazi die.













