Israelgo trenaren proiektua alboratu dezala eskatuz elkarretaratzea egin dute CAFen egoitzaren aurrean
Euskal Herriko hainbat mugimenduk osatutako koalizioak deitu du elkarretaratzea, CAF akziodunen batzarra egiten ari den egunerako. Proiektua ilegala dela salatu dute pankartekin eta Palestinako banderekin, eta giza eskubideak errespeta ditzala eskatu diote Beasaingo enpresari.
Euskal Herriko giza mugimendu batzuren artean osatutako CAF, jaitsi zaitez Israelgo apartheidaren trenetik izeneko koalizioak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean enpresa horren Beasaingo egoitza nagusiaren aurrean.
Akziodunen batzarra egiten ari da CAF gaur, ekainak 13, Beasaingo egoitza nagusian, eta horregatik deitu dute elkarretaratzea, han elkartutakoen bozeramaletako bat den Asier Alvarez de Eulatek azaldu duenez, “Jerusalem-go tranbia proiektutik ospa egiteko” eskatzeko. Nazioarteko legediari begiratuta proiektu ilegala dela salatu dute koaliziokoek, eta hori “argi ikusten da hainbat eta hainbat lehiakidek albo batera utzi dutelako tranbia eraikitzeko saiakera, eta legezkotasunez zalantzazkoa dela esan dute gainera”.
Gaurko elkarretaratzea koalizioak abian jarri duen kanpaina zabalago baten barruan kokatzen da. Kanpainaren helburua CAFi “giza eskubideak errespeta ditzala” eskatzea da, eta bat etor dadila bere “barne dokumentuetan” jasota duenarekin, hau da, “giza eskubideak betetzean oso zorrotzak” izango direla esaten duen puntuarekin.















