Orientazio jolasean aritu dira Zegamako Anduetza parketxean
Iparra galdu gabe izeneko ekintza ekaineko larunbat guztierako antolatu du Zegamako parketxeak. Inguruan dagoen orientazio zirkuitu batean zehar ibilaldia eta jolasa proposatzen ditu
Zegamako Anduetza parketxeak gonbidatu bereziak izan ditu gaur goizean, Iparra galdu gabe izeneko orientazio jolasean aritzera Bergaratik iritsitako bi familia. Parketxeak ekaineko larunbat guztietarako programatutako ekintza da, eta Anduetza inguruan dagoen orientazio zirkuitu horian ibilaldia eta jolasa uztartzen ditu.
Jolasa 10:30 inguruan hasi da, parketxeko arduradunak partaideen artean mapak banatu eta argibideak eman ondoren. Partaideen artean ia 6 urte dituzten hiru haur zeuden, eta gogoz ekin diote zirkuituari. Altxorraren bila jolasean trebatuak direla eta, Zegamakoa ere zailtasunik gabe egingo zutelakoan zeuden. Mapan zehaztutako ibilbideari jarraitu behar zioten, eta seinalatutako puntuetan ondo behatu ondoren, galdera batzuk erantzun.
Zegamako parketxearen eskaintza etxetik irteteko eta inguruak ezagutzeko plan bikaina dela zioten bergararrek, eta familian egiteko aproposa.
Iparra galdu gabe jolasa hilaren 20an eta 27an ere egin ahal izango da, baina aurrez izena eman beharko da 943 802 187 edo 688 623 609 zenbakietan, edo anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidean.