Enirio-Aralarko kontuak negatiboan daudela jakinarazi dute batzarrean
2019ko aurrekontuaren likidazioaren kontu eman da, agerian utziz, kontuetan defizita dagoela. Pisten auziagatik ekarpen berezia egitea berretsi dute batzarrean
Enirio-Aralar Mankomunitateko Zuzendaritza Batzarrak ez-ohiko presazko bilkura egin zuen asteartean. 2019ko aurrekontuaren likidazioaren kontu eman zen, eta horrek 2020ko aurrekontuan izango dituen eraginen inguruko xehetasunak eman zituzten. Adur Ezenarro mankomunitateko lehendakariak adierazi zuen «Gastu Orokorretarako Diruzaintza Gerakina negatiboa dela, 17.094,48 eurokoa, hain zuzen ere», eta hori, «ekarpen berezi batekin estali beharko» dela. Likidazio negatiboaren, arrazoia da, «2019an kontabilizatu eta ordaindu direla aurretik zetozen lan batzuk, eta horrek desoreka sortu» duela, «ordaindu behar izan direlako aurreikusita ez zeuden inbertsioak». Bestalde, «Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi moduan, indarrean dauden hitzarmenetan %20ko murrizketa emango da».
Inbertsioei dagokionez, Ezenarrok esan zuen, «koronabirusaren ondorioz, Mankomunitateak foru aldundiarekin duen hitzarmena gauzatzeko diru- partidarik ez dagoenez, 2020ko aurrekontuetan, Goilarre programan parte hartzeko eskaini» zitzaiela. Lehendakariaren iritziz, «urte luzez Mankomunitateak izandako hitzarmena eredu berri batekin ordezkatzea dakar programa horrek». Goilarre programaren bidez, «xehaketa lanak baino ez lirateke burutuko, baina horretarako, beste ekarpen berezi batekin finantzatu beharko genituzke inbertsio horiek, 21.114 euroko ekarpen berezi batekin».
Inbertsioekin jarraituz, Landaolatik ere Mendiko Gazta proiekturako finantziazioa eskatzen da, «kofinantzaketa moduan baita ere, eta honek 17.500 euroko ekarpen berezia beharko luke».
Goilarre eta Mendiko Gazta programetarako ekarpen bereziak onartzeko proposamenak, datorren astearterako, ekainak 23, deitu duten batzarrean landuko dituzte.
Defentsa gastuak
Mahai gainean jarri zuten baita ere, aurreko legealdian, Aralarko Enirio-Igaratza pistaren auziagatik auzipetuta dauden mankomunitateko zazpi ordezkari politikoen defentsa gastuei aurre egiteko onartutako ekarpen bereziaren egoera argitzea, gastu horiek bere gain hartu baitituzte hainbat udalerrik. Hori horrela, ekarpena birkalkulatzea proposatu zen.
Gai horri dagokionez, Aitor Aldasoro Beasaingo udaleko ordezkariak leporatu zion Ezenarrori, «martxoaren 12ko batzarrean onartu zen, auzipetuei defentsa gastuak ordaintzeko dirua berehala aurreratuko zitzaiela, oraindik zain daudela eta hori, borondate ezagatik» dela.
Aldasororen hitz horien aurrean, Ezenarrok erantzun zion «borondate eza leporatzea onartezina» dela: «Gai honi lotuta, martxoaren 12ko batzarrera eramandako proposamena guk eraman baigenuen». Argudiatu zuen, «atzerapena, prozedura kontua» dela eta berretsi zuen, «mankomunitateak bere gain hartuko dituela auzipetuen defentsa gastuak».