Haritz kandugabea protagonista Aitzondoko ibilaldian
Aizkorri-Aratz natura-parkeko altxorretako bat ezagutzeko txango gidatua antolatu du Anduetza parketxeak. Aizkorri-Aratz natura-parkeko zuzendariak Valentin Mugarzak gidatu du ibilaldia.
Barrendiolako urtegitik abiatuta Aitzondon barrena ibili dira txangoan izena eman dutenak. Haritz kandugabeen berezitasunak ezagutu dituzte bertaratutakoek. Aizkorri-Aratz natura-parkeko zuzendaria den Valentin Mugarzak gidatu du ibilaldia. Mugarzaz gain, beste aditu eta basozain batzuek ere parte hartu dute. Besteak beste, Maitane Garmendia eta Aitor Galdos basozainak ez ezik, Jone Miren Agirrezabal Legazpiko Udaleko teknikaria ere bertaratu da zalantzak argitzeko asmoz.
Legazpiko natura parkeak 800 hektareako eremua hartzen du, bertan 20 bat zuhaitz daude babestuta, desagertzeko arriskuan daudelarik. Gipuzkoako haritz kandugabeen basorik handiena izateagatik da ezaguna. Ibilaldiaren helburua haritz espezie hau ezagutara ematea izan da, ondoren kontserbatu ahal izateko.
Haritz kandugabea
Hostoei erreparatuta zein motatako haritza den jakitea erraza ez den arren, Quercus robur haritz kandudunaren ezkurrek, izenak dioen moduan, kandua edo txurtena dute, kandugabeak ez bezala. Gipuzkoa osoan Aitzondo da haritz kandugabe gehien duen basoa. Oso zaila da horrelako kantitatean aurkitzea. Lenitz Gatzaga eta Gorbeia inguruan bakarrik aurkitu daitezke horrelako masak. 600-800 metroko altitudean hazten den haritza da kandugabea. Pagoa da haritz mota honen aurkari nagusia. Pagoak itzala hobeto jasaten duenez, gutxika gailentzea da normalena.
Okil ertaina
Okil ertainak hariztietan egin ohi ditu habiak. Okil beltzak egindako zuloak Bechstein saguzarrak baliatzen ditu gordeleku moduan. Saguzar espezie hau desagertzeko arriskuan dagoen bitartean, Okil beltza geroz eta gehiago zabaltzen ari dela esan du Aitor Galdos adituak. Azkenaldian, gaitzak jotako pinudietan aurkitu baitute haien alimentua. Ondoren, gertuko pagoetan jartzen dituzte habiak.