Aurten ez da Santa Ana festarik ospatuko Ordizian
Adur Ezenarro alkateak esan du "arduraz jokatzeko unea" dela. Ordiziako talde eragile desberdinen babesa izan du Udalak.
Aurten ez da Santa Ana festarik izango, eta hala jakinarazi du Ordiziako Udalak, herriko eragileekin batera egindako prentsaurrekoan. Aurreko urteetan bezala, Plaza Nagusia aukeratu dute festen inguruko informazioa emateko. Aurtengo mezuak baina, ez du aurreko urtekoen antzik, Santa Ana jaiak, bertan behera utzi baitituzte. Adur Ezenarro alkateak adierazi zuenez, «arduraz jokatzeko unea da».
Hemendik hilabete eskasera ziren ospatzekoak Ordiziako jaiak, baina Ezenarrok adierazi zuen «bizi duguna ikusita eta etor litekeena, oraintxe arduratsuak izatea tokatzen zaigu; ezin dugu ahaztu orain arte egin dugun esfortzu guztia eta COVID-19ak gure herrian eragin dituen heriotza guztiak», gehitu du alkateak.
Ezenarrok nabarmendu zuen, erabakia hartzea «zaila» izan dela, «herriko jaiak ordiziarrentzat oso bereziak baitira». Erabakia hartu aurretik, sektore dwesberdinetan jarduten dutenekin bilerak egin ostean, tartean ostalariekin. Bileretan hitz egindakoaren emaitza izan da «erabaki zuhurrena jaiak ez ospatzea” dela: «Birusa ez da desagertu, eta oraindik ere jende pilaketak ekiditea behar beharrezkoa da koronabirusa ez dadin hedatu».
Gauzak horrela, ondorengo mezua bidali du Ezenarrok: «Odiziarrak orain arte bezain arduratsuak izango direla espero dugu; guztiok garelako kontziente gure esku dagoela egoera honi aurre egitea».
Matilda eta DJ Monky, bihar
Hala ere, herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, kultur programazio berezi bat antolatuko dela aurreratu zuten; betiere segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatuz. Horren adibide da bihar, ostirala, Majori Plazan antolatu den aurrez aurreko kontzertua. Matilda taldeak emanaldia eskainiko du 19:00etan hasita, eta aurrez eta ondoren Monky Man DJ-ak saioa egingo du. Eserita eskainiko da kontzertua, aforoa eta distantziak kontrolatuta izateko.