EH Bilduk udal gobernuaren «inprobisazioa eta aldebakartasuna» salatu ditu hausnarketan
EH Bilduk agintaldiaren lehen urteurreneko balantzea egin du. Jasotako botoak ongi ordezkatu dituztela uste dute. Oposizio «arduratsua» egiten jarraituko dutela iragarri dute
Beasaingo EH Bilduk udal gobernuari «aldebakartasuna eta inprobisazioa» leporatu zion agintaldiaren lehen urteurreneko balorazioa egitean. «Udal gobernuari erabakiak aldebakartasunez hartzea ahalbideratzen dio udalbatzaren osaketak, eta aukera hori ondo erabiltzen ari da. Alegia, erabaki asko elkarren artean adostu gabe hartzen ditu eta askotan inprobisazioz ere bai», zehaztu du Hasier Agirre EH Bilduko zinegotziak. «Udaletxe honetan politika ulertzeko eta egiteko bi ereduren arteko talka dagoela argi gelditu da lehen urte honetan», gaineratu du.
Hiru batzordeko antolaketa eredua ez dute gustuko. «Oposizioaren lana eta herritarren parte hartzea ahalbidetzen ez duen formatua da», laburtu du Agirrek. «Batzordeak hilean behin elkartzen dira eta gaiak hiru egun lehenago jakiten ditugu. Ez dugu lantzeko denborarik izaten eta ez ditugu eztabaidarako gune aproposak ikusten».
Edukiaren aldetik ere ez datoz bat udal gobernuarekin. «Oposizio guztiak salatu genuen udalak duen gastu politikoa: soldatak, dietak… egokitzeko eskatu genuen baina entzungor egin ziguten. Beasaingo alkatea estatuan gehien irabazten duen 36. alkatea da», esan du zinegotziak. Azpikontratazio politikekin eta hirigintza arloko hainbat lanekin ere ez dira ados agertu dira.
Oposizio «arduratsua»
«Hasieratik erakutsi dugu oposizio arduratsu eta eraikitzailea egiteko asmoa eta, horretarako, beasaindarrentzat egokienak deritzogun proposamenak helarazi dizkiogu udal gobernuari», gogorarazi du. «Egindako lana, orokorrean, positiboki baloratzen dugu. Proposamen ugari egin ditugu, hala nola, udal araudi organikoa lantzeko prozedura mahairatu dugu, mugikortasun mahaiaren eraketa bultzatu, elikadura burujabetzaren gaia jorratzeko gunea sortu, berdintasun teknikari postuaren defentsa irmoa, aurrekontuen lanketa egin dugu…».
Herritarrak egindako lana aitortzen dietela uste dute alderdiko kideek. «Gure sentsazioa positiboa da. Ez nuke esango eskertu egiten dutenik gure lana, baina baloratzen dutela esango nuke», azpimarratu zuen Nerea Manzisidor zinegotziak. «Adierazle onena da herritarrak gugana jotzen dutela eta gu saiatzen gara beraien kezkak kudeatzen».
Etorkizunari begira hala jarraituko dutela iragarri dute. «Kalea, herria eta herritarrak udalera eramateko zubi lana egiten jarraituko dugu».
Aitor Urdangarin izango da Imazen ordezkoa
Aitor Urdangarin Irastorza izango da EH Bilduren bosgarren zinegotzia. Gaur hartu beharko luke kargua, baina arrazoi pertsonalengatik plenoa astelehenera atzeratu da eta orduan egingo du zin.
Urdangarinek Imazen hutsunea beteko du. Beasaingo festetako gertakarien harira kargu publikoa uztea erabaki zuen «arduragabekeriaz» jokatu zuelako.
Urteko balantzea egiterakoan Nerea Manzisidor zinegotziak koalizio abertzalearen erantzun azkarra eta irmoa azpimarratu ditu.