«Dena ondo badoa, irailean edo urrian azoka egitea da asmoa»
Uztailean sartu eta lehen asteburuan 21. Garagardo Azoka egitea zen Ordizia Rugby Elkartearen asmoa. Koronabirusaren krisiak, bertan behera uztera behartu ditu. Mikel Marotias da azoka antolatzeko lanetan ari zenetako bat.
Ordizia Rugby Elkarteak antolatutako garagardo azokarako atzera kontaketa egiten egon beharko zenukete, egoera normalean egongo bagina behintzat.
Bai, hala da! Baina aurten, egoera berezi hau bizitzea tokatu zaigu, eta une honetan, gauzak dauden moduan egonda, ohiko datan ez da egingo, bertan behera uztea erabaki baita, ez baitira horrelako festa bat egiteko baldintzak ematen. Berez, hurrengo asteburuan ginen garagardo azoka egitekoak, uztaileko lehen asteburuan.
Hilabeteetako lana izango da horrelako zerbait antolatzea.
Urtarrila-otsaila ingurutik ari ginen ekitaldi horren bueltan lanean. Aurtengoak, 21. edizio izan behar zuen. Pena handiarekin gaude.
Nobedaderik bazen aurtengorako?
Bai, bazen bai. Batetik, aurreko edizioekin alderatuta, garagardo desberdinak ekartzeko asmoa genuen. Eta jatekoari dagokionez ere, aldaketaren bat egitea pentsatzen ari ginen, eskaintzen diren menuen bueltan. Dena den, alarma egoera ezarri zenean, oraindik gauza asko genituen lotzeko.
Horrelakoetan jendea edateko eta jateko gogoz egoten da. Kopuruak esaterik bai?
Bai, jendea gogoz gerturatzen da bai. 4.000 bat litro garagardo edaten dira, eta jatekoari dagokionez, 1.486 kilo ukondo atera ziren iazko edizioan.
Klubarentzat, diru iturri garrantzitsu bat ere bada beraz.
Urtean zehar klubak dituen hainbat gasturi aurre egiteko bideratzen da, garagardo azokatik ateratzen den dirua. Bidaietarako, besteak beste.
Hala izanda, beste datarik baloratu duzue?
2.020. urtea amaitu aurretik egin nahiko genuke, irailean edo urrian, oraindik eguraldiak ere laguntzen baitu. Baina, data berri bat baieztatzea, asko arriskatzea da. Osasuna lehenetsi eta gauzek nola eboluzionatzen duten ikusi nahi dugu lehenengo, eta guztia ondo badoa, esandakoa, irailean edo urrian egitea da asmoa. Baina, errepikatzen dut, momentuz, ezin da esan egingo denik.
Gainera, azokan mahaitxo bat ere jarri ohi duzue. Bertan taldeko produktuak salgai jartzen dituzue eta bazkide egiteko aukera ere izaten da.
Taldeko kamiseta eta bestelakoei dagokienez, aurten zuzendaritza berriarekin, irudiari dagokionez ere buelta batzuk ematen ari ginen eta azokan erakustea zen asmoa.
Bazkide kanpainari dagokionez, urte osoan zehar webgunearen bidez ere egin daiteke, baina kili-kolo doa, zeren liga hasten ez bada, ez dakigu nola egingo dugun. Horri ere, buelta batzuk ematen ari gara.
Ordiziako agendan, ondo errotuta dagoen ekitaldia da OREk antolatzen duen garagardo azoka. Jendeak zer helarazi dizue?
Udan sartu berri, eguraldi ona… ordiziarrek segituan lotzen dute klubak antolatzen duen festa honekin. Kalean jende askok galdetu dit, aurten garagardo azoka egingo ote den. Ezezkoa erantzutean, jendeak penaz hartzen du.
Kontsumitzen diren litro eta kiloei begiratu besterik ez dago, pertsona asko eta asko gerturatzen direla ikusteko.
Egun horietan pilotalekua bete egiten da. Oso pozgarria da guretzat, ikustea, jendeak erantzuten duela.
Zuentzako, nolako egunak izaten dira?
Oso gustura ibiltzen gara, baina lan askoko egunak direla dudarik ez izan. Lehenik, guztiaren muntaia egiten dugu. Klubeko jokalariek egiten dute hori, 18 urtez azpikoek. Seniorrak berriz, barraren atzean egoten dira. Azoka amaitzean, guztia jaso beharra dago. Taldekide guztien artean elkarlana izan ohi da nagusi.
Baina gainera, herritar guztiei azokan parte hartzeko aukera ematen diegu, eta jende asko etortzen da laguntzera. Ordiziarren aldetik dugun babesaren adierazle da hori, klubeko parte sentitzen direla, alegia.
Festaren hasierarekin batera, hurrengo denboraldirako jokalari berrien aurkezpena egin ohi duzue.
Hala egin izan da bai, jokalari berrien eskutik egin ohi da azokaren irekiera. Aurten, beste modu batean komunikatuko da, dagoeneko izan baitira hainbat fitxaketa. Garagardo azoka iraila edo urrira atzeratzekotan, liga hasita egongo da, beraz ez du zentzu gehiegi izango, modu horretan egiteak.
Bukatzeko, iragan martxoaren 1ean jokatu zuen Ohorezko Mailako taldeak azken partida. Datorren denboraldira begira zer?
Espero dugu datorren denboraldia jokatu ahal izatea.