Musika eskola herrikoia bukatu da
Lazkaoko guraso talde batek duela 35 urte sortu zuen musika eskola desegin da. Larunbatean egin zuten agur festa, txistularien azken kalejirarekin eta Nekane Eskisabel irakaslea omenduz.
Musika ikasteko gaur adinako eskaintzarik ez zegoenean, guraso talde batek hartu zuen Lazkaon musika eskola bat antolatzeko ekimena. Seme-alabek musika-tresnak eta solfeoa ikasteko modu herrikoia jarri zuten horrela, familiei kuotarik edo matrikularik kobratu gabe, gainera. Taloak eginez eta salduz finantzatu zuten.
Musika eskolak 2019-2020ko ezohiko ikasturte honetan itxi du partitura. Bukatu du ibilbidea, 35 urteren ondoren. Irailean jada ez dute txistu eta musika eskolarik emango. Larunbatean egin zuten agur festa. Eguerdian kalejiran ibili ziren Antzar Gazteak txistulari taldekoak, eta Orobione jatetxean lagunarteko bazkari bat eginda amaitu da.
Bazkaritan omendu zuten musika eskolako irakasle bakarra, Nekane Eskisabel ataundarra. 33 urtean izan da Lazkaon irakasle, solfeoa eta txistua irakatsiz. Aspaldiko eta oraintsuagoko irudiekin osatutako bideoa eman zuten. «Luzatu dugu, baina bukaera etorri da. Gauza guztiek dute beren bukaera, eta honena ere iritsi da», azaldu du Eskisabel irakasleak.
Hasieran, Errenteriako beste irakasle bat ere izan zuen eskolak, batik bat txarangara bideratutako musika-tresnak irakasteko. Hala, Antzar Gazteak txaranga sortu zuten, eta 25 bat urtez alaitu zituen Lazkaoko kaleak. Atzerrira ere joaten ziren, tarteka. «Nazioarteko jaialdietan parte hartu ohi zuen fanfarreak. Condom-en (Armagnac, Frantzia), Recherchuar-ren (Frantzia), Dalgen-en (Belgika)… Condomgo nazioarteko fanfarre jaialdia Europako onena da», gogoratu du Valentin Ropero gurasoak eta eskolaren sortzaileetakoak. Fanfarrea belaunaldi aldaketa batean desegin zen Jundajo sortu zuten 2007an han ibilitakoek, eta txistulari taldeak jarraitu zuen. 2012ko San Prudentzio jaietako pregoia Antzar Gazteak txistulari taldekoek eta haiek sustengatzen zituzten talogileek egin zuten, adibidez.
Herriko jaietan kalejiran
Txarangarekin lehenbizi, txistulari taldearekin gero, Lazkaoko festak alaitzen ibili dira musika eskolako ikasleak, aurten arte. Tresnak erosteko zama ere beren gain hartzen zuen ekimenak, familiei gastu gehiago ez sorrarazteko. «Azkenera arte hamar bat lagun inguruko taldeak iraun du, txistulariak. Garai batean ibilitakoak ere, deitu eta zer edo zertako parte hartu dutenak eta fin segitu dutenak gehiago izan dira. Baina lanagatik edo ikasketengatik utziz joan dira, gertatu ohi den bezala», dio Eskisabelek.
Musika eskola sustengatzea eta finantzatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Guraso aitzindarien eta geroagokoen jarraian, erreleborik ere ez da sortu, eta uztea erabaki dute. «Lan nekosoa da. Jende berririk ez dagoenez, utzi egingo dugu. Guraso horiek egin duten adina egiteko norbait ateratzen bada, egingo da berriz ere. Egundoko lana egin dute: talogile bezala dirua ateratzeko hara eta hona ibili, lokalak bilatu, irakasleoi ordaindu…», aitortu du Eskisabelek.
Ataundarra da Nekane Eskisabel, eta klaseak han emateaz gain, hango txistulari taldean ibiltzen da. «6-7 lagun bagaude eusten diogunak». Bestetik, udalak ikastaro bat antolatu du, eta talde bat osatu dute ikasteko.
Larunbatean ospatu zuten Lazkaoko musika eskolaren izatea eta bukaera. «Ederki pasatu genuen. Bideotxo bat egin zidaten, ezkutuan egindako lana, aspaldiko irudiekin eta, garai zaharrak gogoratuz. Ahaztuko ez den egun bat eta esperientzia bat izan da niretzat», dio irakasleak.
Musika eskola herrikoia eta Antzar Gazteak taldea desagertu arren, irakatsia hor geratuko da.