Uda oparo eta bero hasi da
Landare, lore, barazki eta fruta berriak. Denetik agertu da San Joan eguneko Ordiziako azokan. Luis Calvo eta Mari Remirez pasta-gozo saltzaileek agur esan diete azoken ibilbideari.
Atzo produktu berri asko ekarri zituzten. Barazkietan aire libreko lehen leka Aramako Arantxa Zurutuzak ekarri zuen 7 euroan kiloa. Eta postu berean andere mahats beltza ere bazen 12 euroan kiloa.
Frutekin jarraituz, aran horia Itsasotik M. Jesus Oriak eta Ataundik Lurdes Zurutuzak (1,5-3 euroan kiloa) ekarri zuten. Ugaritu da nabarmen San Juan sagarra (1,5-3 euroan kiloa). Eta gerezirik ez, euriak zartatu ditu asko.
Loreak eta landareak
Loreei dagokionez salmenten momentu gorena pasatu bada ere, oraindik ondo saltzen da eta aukera handitu da, hala nola Vinca (1,5 euro), Kleona (2,5), salbia (1), dalia(3,5) eta begonia mota berri bat bolibiarra deritzana(3,5) izan ziren aukeran atzoko azokan. Landareetan, udan sartu orduko, udazkenera begira. Holakoxea da landareen mundua, urtaroari aurre hartu behar zaio, dagokion momentuan bilduko badugu.
Urte batzuetatik gaur egunera, negutegiak lagun, asko aurreratu da landatzeko garaia. «Lehen San Antonio inguruan aldatzen ziren piper txikiak eta San Joanetan urteko porrua», aipatzen zigun Esther Illarramendi Ibarrako landare saltzaileak. Orain berriz piper txikiak ia ekainaren 3ko merkatuan salgai ziren.
Udazkenari begira atzo landare aukera polita: azalore, bruselazak, brokolia, romaneskua, eskarola, atxikoria, aza… Gehienak 20 zentimoan bakoitza salgai.
Luis Calvok adio
Luis Calvo pasta-gozo saltzaileak adio esan dio feria ibilbideari. Azken aste hauetan Barrena aurrean du postua. Erabakia hartu du, uztailean erretiroa hartuko du. Atzokoa zuen Ordizian, bere herriko azken azoka. Ostegunak jai hartzen zituen. Gainerakoetan Lazkaon, Villabonan, Ordizian, Legazpin, Oñatin eta Beraunen saldu ohi zuen.
33 urteren buruan nola sentitzen zen galdetuta, «gustura ez baino egoera honek aurreratu arazi dit erabakia, bestela urte bete gehiago segitzeko asmoa nuen», zioen. Emaztea Mari Ramirez eta biak aritzen ziren eta hauekin etengo da ibilbidea. «Edozeinek ezerezetik hastea zaila du, inor gutxik nahi du gaur egun azokatako salmenta mota hau», zioen Calvok. Halere berak oso gustuko izan duela lanbidea aitortu zigun, oso agur beroak jasotzen ari dela eta baita oso ondo saltzen ari dela azken aste hauetan ere.
D’elikatuz, eskaintza berria
Azoka egunetan, merkatua bera ez ezik, herria ere hobeto ezagutzeko aukera eskainiko dute D’elikatuz zentrotik. Bisita gidatuak ordu eta laurdeneko iraupena izango dute, uztailean hasiko dira eta atzo ia lehen itzulia egin zuten komunikabide eta hainbat erakundetako ordezkariekin.