Zegamako Bele Gazte gaztelekuak hainbat ekintza antolatu ditu uztailaren 6tik 30era bitartean
12 eta 18 urte bitartekoentzat izango dira ekintza horiek. Uztailaren 2a baino lehen eman behar dute izena jardueretan parte hartu nahi dutenek.
Uda iristearekin batera, Zegamako Bele Gazte Gaztelekuak hainbat jarduera prestatu ditu nerabe zegamarrentzat. 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako sei jarduera izango dira. Uztailean egingo dituzte guztiak, eta izena ematea beharrezkoa da parte hartzeko, uztailaren 2a baino lehen.
Uztailaren 7an mendi irteera egingo dute Zegamatik bertatik aterata, eta uztailaren 9an igerilekuan egiteko jolasak antolatu dituzte. Hilaren 14an, aldiz, gaztelekuko nerabe zaharrenek antolatutako altxorraren bila ariko dira. 16an beste irteera bat egingo dute: Urbiara joango dira. Sobrongo abentura parkera ere egingo dute txangoa uztailaren 22an, eta amaitzeko, 29an Murgizelai parkean afaria eta jolasak egingo dituzte.
Azken egun horretan bertan ikasturtean egindako ekintzen balorazioa egingo dute.