EH Bilduk EAJren "modelo zaharra" kritikatu eta "ezkerretik, feminismotik eta elkarlanetik" herria eraikitzeko deia egin du
Ataungo San Gregorioko plazan izan da ekitaldia, eguerdian. EH Bilduko kideak adierazi du uztailaren 12an asko dagoela jokoan, eta EAJren "betiko" politikak salatu ditu. Euskal Herria "ezkerretik, feminismotik eta elkarlanetik" eraikitzea dute helburu.
Ataunen ere uztailaren 12ko hauteskundeetarako kanpaina ekitaldia egin du EH Bilduk. Gipuzkoako batzarkide den Esti Elduiaienek hartu du hitza San Gregorio auzoko plazan. Uztailaren 12ko hauteskundeetarako deialdia egin zutenean, EH Bildu hauteskundeen kontra agertu zen, eta jarrera bera du alderdiak oraindik Elduaienen arabera: “Osasuna bermatzea da garrantzitsuena; garai zailak dira, eta halere ez da normala hauteskundeak deitzea, baina hala izan da eta lanerako prest gaude”, esan du. Gehitu du “inoiz baino gauza gehiago” daudela jokoan eta “inoiz baino nabarmenagoa” dela aldaketarako beharra.
EAJren jarrera eta politikak ere salatu ditu Elduiaienek: “Modelo zaharra, betikoek eta betikotasunetik egiten dutena, murrizketak egiten dituztenak hezkuntzan eta osasun sisteman, zaintzaren prekarizazioa ekarri dutenak eta ez dutenak aldatzeko asmorik”. Agertu du bi eredu daudela jokoan, eta EH Bilduren asmoa “ezkerretik, feminismotik eta elkarlanetik Euskal Herri libre eta independente bat” eraikitzea dela: “Hori egitea posible dela erakusten ari gara”. Zaintza erdigunean jarriko dutela azpimarratu du.
Goizean ere Zumarragan egin dituzte ekitaldi bana: PSE-EEk prentsaurrekoa eman du Euskadi plazan, eta EH Bilduk afixak jarri ditu herrian bizikleta erabilita:
Hauteskunde kanpainako aurreneko ekintzak egin dituzte Zumarragan