Aisialdirako ekintza eta guneak mugatzea aztertzen ari dira, baina konfinamendua baztertu dute
Ordiziako koronabirus kasuen berragerpena aztertzeko batzordea bildu da gaur, ia bi orduz. Neurri zehatzik ez dute iragarri, baina baztertu egin dute konfinamendua ezartzeko aukera. Nekane Murgak musukoa erabiltzeko deia egin die herritarrei.
Aisialdiko ekintzak eta guneak mugatu baditzakete ere, Ordizian ez dute konfinamendurik ezarriko. Hala esan du Nekane Murga sailburuak, ia bi ordu iraun duen jarraipen batzordearen bilera bukatu berritan. Osasun Saileko, Osakidetzako eta Goierri behean biztanlerik gehien dituzten lau herrietako ordezkariak bildu dira, egoera eta hartu litezkeen neurriak zehazteko.
Sailburuak beste bost kasuren berri eman du, eta guztira 35 lirateke, horietako 19 Ordizian bertan. Bi egunetan 1.700 PCR test egin dituztela azaldu du, eta dagoeneko badituztela horietatik 1000ren emaitzak. Ordiziaz gain, Beasainen ere PCR probak egin dituztela, eta beste herri batzuetakoak ere haruntza bideratzen ari direla esan du.
Gaur bildutako eragileen arteko harremana eta komunikazioa indartzeko sortu dute batzordea. Hain zuzen ere, eragile horien lana eta erantzun azkarra azpimarratu ditu Murgak, hori gabe, egoera askoz okerragoa izan litekeelako. “Kontuan izan behar da pertsona hauetako bakoitzak 2 lagun kutsatuko lituzkeela bataz beste, eta neurririk hartu izan ez balitz, aste betean ehunka kasu lirateke”.
Ordiziako kutsatze kasuak aisialdi giroan eta gazteen artean eman direla gogorarazi du. “18-35 urte arteko jendeaz ari gara, eta sintoma gutxi badituzte ere, adinekoei pasa diezaiokete gaitza”. Arrazoi nagusia, gehiegizko gertutasuna eta neurririk hartu ez izana direla dio sailburuak. Hala, distantziak mantentzearen eta musukoa edo maskarila erabiltzearen garrantzia azpimarratu du, eta herritar guztiei, eta batez ere une honetan, Goierrikoei egin die aktibitate guztietan musukoa erabiltzeko deia, “birusa gure artean” baitago.
Momentuz ez dute neurri zehatzik iragarri, baina “alor juridikoan hainbat neurri aztertzen” ari direla esan du; aisialdi ekintza eta gune batzuk mugatu ditzakete -terrazak esaterako-, batez ere Ordizian, bertan baitago foko nagusia.
Neurriak bai, konfinamendurik ez
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ere hitz egin du bileraren ondoren. Hainbat neurri hartuko dituztela azaldu du, koronabirusaren berragerpenari aurre egiteko. Dagoeneko hainbat neurri hartuak ditu udalak; jolas parkeak itxi dituzte gaur, esaterako. Herri antzokia, Majori kiroldegia eta udal liburutegia ere itxi egin dituzte, momentuz. Horrez gain, gaueko aisialdiko lekuetako ordutegiak eta barruko aforoa murriztuko dituztela iragarri dute, eta herrian maskararen erabilera beharrezkoa izango dela.