Jarraipen batzordea bilduta dago Zumarragako ospitalean
Ordizian agertutako koronabirus kasu berrien egoera aztertzeko, jarraipen batzordea deitu du Eusko Jaurlaritzak, Ordizia, Beasain, Lazkao eta Idiazabalgo alkateekin batera. Egoera aztertu eta "beharrezko neurriak" hartuko dituztela azaldu du Osasun Sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak deituta, Ordizian izan den koronabirus kasuen berragerpenaz hitz egiteko jarraipen batzordea bildu da gaur, Zumarragako ospitaleko Txindoki aretoan. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Segurtasun Saileko arduradunekin batera, Ordizia, Beasain, Lazkao eta Idiazabalgo alkateak elkartu dira. Nekane Murga Osasun Sailburua azaldu duenez, egoera aztertu eta “neurriak hartzeko” bilera izango da, baina oraingoz ez dute aurreratu zein neurri izango diren. Bileraren ondoren, arduradun politikoen agerraldia espero da.
Larunbatean jakinarazi zuten Ordizian izandako koronabirus kasuen berragerpena. Ekainaren 27an gertatu zen, Ordiziako Etxezarreta kaleko taberna batean. Han ibili zirenei eta ingurukoei azterketak egiten ari dira geroztik; atzo 985 egin zituzten, eta gaur beste 540 egingo dituzte egunean zehar. Oraindik denen emaitzak ez badaude ere, eguerdian jakinarazi dute 30 positibo agertu direla dagoeneko. Kale horretako beste taberna batzuetako langileei ere egin diete azterketa, eta negatibo eman dute. Biharko test gehiago egiteko txandak ematen ari da Osakidetza.