Laubideko haur parkeak estalki berdearekin estreinatu du aurtengo uda
Urtarrilean hasi eta ekainean amaitu dituzte lanak, 158.517 euroko aurrekontuarekin. Landareak jarri dituzte goiko aldean. Euri urak bildu eta landareak ureztatzeko erabiliko dituzte
Urtarrilaren erdi aldean hasita, bost hilabeteko epea zuen Etxaide eraikuntza enpresak Laubideko haur parkearen estalki berdea egiteko, baina alarma egoerak eragindako geldialdiak atzeratu egin zituen lanak, eta ekainera arte ezin izan dituzte amaitu. Hala ere, normaltasun berrirako garaiz bukatu dituzte, eta herriko gainerako haur parkeekin batera ireki dute Laubideko hau ere. Lanek 158.517 euroko aurrekontua izan dute.
Estalki berdearekin, itxura berria du orain Laubideko parkeak, eta euria egiten duen egunetarako oso baliagarria gertatuko zaie haurrei zein guraso edo zaintzaileei. Horixe zen, hain zuzen, estalkia eraikitzearen helburuetako bat, erabiltzaileei babesa eskaintzea, ez bakarrik euritik, baita eguzkitik ere.
Landareak goiko aldean
Irizpide bioklimatikoak eta bioeraikuntzakoak erabili dituzte Laubideko parkearen estalkia egiteko. Hala erabaki zuten Agenda 21eko foroan bere garaian, eta bertan aukeratu zuten Etxaideren proiektua hainbat proposamenen artetik. Besteak beste, proiektu hori energetikoki oso eraginkorra izatea, aztarna ekologiko txikia uztea eta tokiko material naturala erabiltzeko proposamena baloratu zuten foroko kideek.
Burdina eta egurra dira estalkiaren egitura osatzen duten materialak, baina goiko aldean landareak jarri dituzte, eta oraindik txikiak badira ere, etorkizunean itxura berdeagoa izango duela azaldu du udaleko talde teknikoak. Espazio estali berri bat lortzeaz gain, «klima aldaketaren eragina pixka bat arintzea» espero dutela ere esan dute.
Bestalde, parkeko euri urak biltzeko lurpeko biltegi bat ere eraiki dute. Horrela, estalkiak jasotzen duen euri ur berarekin ureztatuko dira landareak garai lehorretan. Biltegiaz gain, SUD edo drainatze jasangarriko hiri sistema ere ezarri dute. Sistema horrekin, urak lursailean iragaztea espero dute, euri urak drainatzeko sare publikoan gainkarga saihesteko.
Laubideko haur parke estaliak aisialdirako espazio berri eta berde bat eskaintzen die herritarrei.