Gaur ekingo die Moranek 3.000 kilometroei
Carlos Moran kirolariak 3.000 kilometro egingo ditu gaixotasun bat ezagutzera emateko. Nahia Gomez zegamarrak Glomerulonefritis fokala eta segmentario kortikorresistentea gaitza garatu zuen duela bi urte, eta horren inguruan informazioa zabaltzea du helburu kirolariak.
Zamoran jaiotakoa da Moran, baina Zegaman bizitakoa. Hamar aldiz baino gehiagotan amaitu du Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia, eta eremu horretan ariko da 3.000 kilometroko erronkaren zati bat betetzeko. Ohar batean azaldutakoaren arabera, aspalditik zuen Moranek buruan egitasmoa: «Lanetik erretiroa hartu berritan eta egutegian lasterketarik jokatuko ez dela ikusita momentua aprobetxatu dut». 3.000kmxNahia izena jarri diote erronkari, eta hiru zatitan banatu du: 1.000 kilometroko hiru ekintza izango dira. Lehenengoan Zegama-Aizkorri mendi maratoiko ibilbidean egingo ditu 1.000 kilometro, hau da, 24 mendi maratoi.
Gaur, aurreneko zatia
Azkar egitea ez da Moranen helburua, kilometro horiek ondo bukatu eta ez lesionatzea baizik. Gaur izango da aurreneko zati hori, 15:00etan, eta goierritarrak parte hartu eta kilometro batzuk harekin egitera animatu ditu, osasun neurriak beteta. Moranek dortsala eramango du eta 42 kilometroak bukatzean Txanton tabernan utziko du, herritarrek erronkaren zein puntutan doan ikus dezaten. Hainbat dortsal ditu antolakuntzak; laguntzaileek ere dortsalean Nahiarentzako mezuak idatz ditzakete Txanton tabernan oroigarri gisa uzteko. Bigarren eta hirugarren zatietarako oraindik ez dute datarik ez ibilbiderik zehaztu, baina bizikletan eta asfaltoan egingo ditu.
Elkartasun erronka horretarako Ana Azpilikueta diseinatzaile eta mendi korrikalari madrildarrak irudi bat sortu du Nahiaren, gurasoen eta senideen motibazioan oinarrituta. Bihotz handi eta gorri bat da. Facebook eta Instagramen eguneratu eta zabalduko dute informazio guztia, 3000kmxNahia kontuan. Hainbat enpresa eta erakunderen babesa izan du proiektuak: Kronoak, Salomon, Osakidetza, Txanton taberna edo Urbiako fonda aipatu dituzte zabaldutako oharrean.













