Legazpiko alkate izandako Sotero Plazaola gogoratzeko ekitaldia
EH Bilduk antolatu du eta asteazkenean, hilak 15, egingo da, Lekanazpi elkartean. Alkate izandako 2007-2011 legealdian burututako proiektuak gogoratuko dituzte.
Legazpiko EH Bilduk ekitaldi bat antolatu du asteazkenerako, 2007tik 2011ra arte EAE-ANV alderdiarekin Legazpiko alkate izandako Sotero Plazaola gogoratzeko. Asteazkenean, uztailak 15, bost urte beteko dira hain justu Plazaola hil zela, eta EH Bilduk haren ibilbide politikoa gogora ekarriko nahi du, “orduan ereindako haziak, hazten ari den proiektu politiko bat ekarri duelako”.
Sotero Plazaola gogoratzeko ekitaldia bihar 19:00etan egingo da, Lekanazpi elkartean. Haren ibilbide politikoa gertutik ezagutu zutenek hartuko dute hitza, tartean Marian Beitialarraingoitak (EH Bilduko arduradun instituzionala), Mikel Alzelai eta Jon Erramun Uribeetxeberria (2007-2011 legealdian EAE-ANVko zinegotziak) eta Edurne Gonzalez (Legazpiko EH Bilduko zinegotzia). Solasaldi formatua izango duen ekitaldia, Nekane Gonzalezek gidatuko du.
Plazaola alkate zeneko proiektuak
Sotero Plazaola Legazpiko alkatea izan zen 2007-2011 legealdian, eta bere agintaldian egindako proiektuen artean, EH Bilduk honako hauek nabarmendu ditu: Mugikortasun iraunkorreko plana, Agirre-Etxeberriko lagapen hitzarmena, Segurako denasexioaren 400. urteurrenaren ospakizunak, Herrigintza SA udal-promotora, haurtzaindegi zerbitzuak indartzea, Osakidetzako larrialdi zerbitzuaren itxieraren aurkako jarduna , herritarren parte hartzea Kudeatuz proiektuarekin, Azpikoetxea paper errota Legazpiko lehen monumentu kulturala izendatzea, memoria historikoa berreskuratzea eta harrera eta agur zibilak egiteko ordenantza.
“Gauza asko daude esateko oraindik”, diote EH Bildukoek, eta biharko solasaldian “denon artean guztiak gogoratuko ditugu”. Sotero Plazaola pertsona ere gogoratuko dutela aipatu dute “alkatetzatik gauzak egiteko modu bat ere sortu zuelako, udaletxeko lanetan herritarren parte hartzea areagotuz, herritarren iritzia kontuan hartuz, eta herritarrekin batera proiektuak eraikiz”. Plazaolaren ekarpen politikoa “handia” izan zela azpimarratu dute.