Eraso sexisten aurkako elkarretaratzea deitu dute Legazpin astearterako
Matraka talde feministak eta udalak egin dute deialdia, azken honek adierazpen instituzional bat onartu ondoren. Elkarretaratzea asteartean, uztailak 21, egingo dute, udaletxe aurre aldean.
Eraso sexista jasan ondoren Legazpiko emakume batek jarritako salaketaren aurrean, udalak eta Matraka talde feministak gertaera hori gaitzetsi eta elkarretaratzea antolatu dute datorren astearterako, hilak 21. Elkarretaratzea 19:00etarako deitu dute, Euskal Herria plazan, udaletxe aurrean, “Legazpin ez dugu sexu-erasorik onartzen” lelopean.
Legazpiko Udaleko bozeramaleek, bestalde, adierazpen instituzional bat adostu dute, “pertsonen askatasun sexualaren aurkako edozein urraketa arbuiatzeko eta gaitzesteko”. Bertan jasotzen denez, “bere laguntza nahiz babes osoa” eskaini nahi die erasoa pairatu zuen emakumeari eta bere ingurukoei. Era berean, erasoa jasan zuen emakumearen “indarra” aitortzen du, eta emakume horren esku dituen informazio eta baliabide guztiak jarri dituela adierazi du, “baita bere onera etortzeko prozesuan beharko duen laguntza guztia ere”.
Udalerrian bizi diren pertsona guztiek “eskubide guzti-guztien jabe direla bermatzea” udalaren ardura dela ere aitortu dute adierazpenean, eta “ez du atsedenik hartuko ahalegin horretan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean”. Egiteko horretan, emakumeen aurkako eraso guztiak irmotasunez gaitzetsi ditzaten Legazpiko herritarrei “adierazpide egokiak eskaintzea” ezinbestekoa dela diote. “Erasoa jasan duten emakumeek guztion laguntasuna sentitu behar dute, inoiz ez daitezen bakarrik sentitu; guztion erantzukizuna eta ardura da haiek laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaldu behar diegu guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia zital horren ahalmena, emakumeei erantzun-tresna egokiak emanez, eta gizon erasotzaileei, berriz, beren ekintzek ez direla zigorrik gabe geratuko ohartaraziz”.