«Egunotan plaza hutsik ikusteak pena eragiten du»
Ataungo San Gregorio auzoko festetan,gaurkoak behar zukeen egun alaienetakoa:kuadrillen juntadizoa. Leire PerlinesApalategi (Ataun, 2002) festa batzordekokideak azaldu du auzotarren aldartea.
San Gregorioko festek orain behar zuten. Baina ezin dira ospatuko, ezta?
Ez, ez da ezer egingo. Udalak atera zuen ohar bat bere garaian, horrelako ekitaldirik ez zela egingo esaten zuena. Komisioko kideak ere elkartu ginen, eta berretsi genuen. Aurretik, hala ere, alkatearekin jarri ginen kontaktuan, uda hasieran, martxan jarri beharrean geundelako jada festen antolakuntza, egin behar baziren behintzat. Maiatz aldean erabaki erabaki genuen ez zirela ospatuko.
Eta, zer aldarte duzue?
Pena handia. Egun hauetan oholtzarik eta txosnarik plazan ez ikustea ezohikoa da, eta pena ematen du horrelako egoeran ikustea. Ostegunean [atzo] hasiko ziratekeen jaiak, eta dena hutsik dago. Festa Batzordetik, hori bai, auzotarrak animatu ditugu balkoietan ikurrinak eta jantzi zuriak jar ditzaten. Zuriz jantzita irtetea baita ohitura, gaurko egunez. Ostiraleko kuadrilla egunean jantzi ohi da arropa txuria, eta hori ere zintzilikatzea eskatu nahi diegu herritarrei. Ikurrina eta arropa txuria balkoietan izango da ikurra aurten.
Garai hobeak etorriko diren itxaropenean, nolako festekin segitzeko asmoa duzue? Lehengoen ildotik, ala berritasunik edo aldaketarik nahi duzue?
Iazko gauza antzekoak egingo ditugu hurrena ere. Balorazioa egingo dugu, eta funtzionatzen duten ekitaldiak zeintzuk diren jakina denez, horiek behintzat segituko dute.
Zu noiztik zabiltza San Gregorio jaien antolaketan?
Orain dela bi urte sartu ginen bospasei lagun, gazteak. Bostetik zazpira bitartean gara taldean, eta horiek segitzen dugu. Lehenengo urtean, bi heldu zeuden taldean, lehenagoko taldekoak, eta eurek zer egiten zuten ikusten hasi ginen. Iaz bakarra geratu zen, eta aurten gazteak bakarrik. Baina lasai egotea tokatu zaigu, lanik ez antolaketan!
Nolako festak izan ohi dira San Gregorion?
Aurrena, ostegunean txupinazoa egoten da. Iaz eta duela bi urte nesken pala partidak jarri genituen. Gero, herri afaria. Gehien bat San Gregorio auzokoak joaten gara afari horretara. Ostiralean kuadrilla eguna izaten da; jendea eguerdian hasten da poteoan, bazkaria izaten da, eta arratsaldean segitzen du festak; gauean zerbait jan, kontzertuak… Egun horren ezaugarria txuriz janztea da. Eta larunbata mozorro eguna izaten da. Arratsaldean umeak hasten dira mozorrotzen, eta gau aldera, helduak. Gauean kontzertuak eta mozorro lehiaketa egiten dira. Igandea San Gregorio eguna izaten da: toka, musa edo karta jokoak, iluntzean kontzertu lasairen bat, eta gazta eta ardo dartaketa. Beti antzeko egitura izaten dute festek, egun edo ekintza horiek errespetatuz. Ekintza gurtxiago edo gehiago sartuko dira agian tartean, baina oinarrizko ekintzak mantentzen dira.
Kuadrilla eguna izaten da estimatuena, agian?
Festetako indartsuena ostirala izaten da, kuadrillen eguna. Beste auzoetara ere joaten gara San Gregorio auzokoak hango jaietan, eta beraiek ere etortzen dira. Giro ona sortzen da.
Aurten, nahiz eta festa ofizialik ez egon, zerbait egiteko aukerarik, tentaziorik ba al da?
Txupinazoa badago [atzo arratsaldean zen], baina jenderik gabe egingo da. Suziria botako da, eta kito. Jendeari ez zaio deialdirik edo gonbidapenik egin joateko, ezin delako pilaketarik sortu. Ondoren, pentsatzen dut jendea bere aldetik afaltzera joango dela, sagardotegira edo.
Zuk zeuk zer duzu gustukoen jaietan?
Belaunaldi askotako herritarrak elkartzen garela, ekintza ezberdinak egiteko. Hori oso polita iruditzen zait. Gainontzean, osteguneko herri afaria eta kuadrilla egun osoa aukeratuko nituzke. Hori ezin da kendu, aurten balkoietan jarrita izan arren.
Auzoko festen egoera nola ikusten duzu? Beherantz doaz, gorantz, mantentzen dira?
Oso ondo, egia esan. Gu saiatzen gara ekintzak denentzat jartzen. Duela bi urte, gazteentzat disko jartzaile bat jarri genuen arratsaldean. Helduentzat bakarrik egoten zirela orduan ekintzak esaten zuten batzuek; bada, gazteentzat ere jarri, eta denentzat egon dadila saiatzen gara. Gu gazteak garenez, horrek laguntzen du lagunak eta ingurukoak erakartzen.
Gazte kuadrilla asko al zaudete San Gregorion?
Berez, San Gregorion ez dago bertako kuadrilla bat, esan litekeena. Kuadrillak hiru auzoetako lagunekin daude osatuta, San Martingo, San Gregorioko eta Aiako jendearekin. Urtean zehar ere elkartzen gara; Gazte Asteburua egiten da, ekainean. Aurten ez da egin. Larunbat eta igandean egiten dira ekintzak, eta hori ere aitzakia da elkartzeko.