Euskal Diasporaren Eguna ospatuko dute asteartean Ormaiztegin
Ekitaldi instituzionala izango da. Iñigo Urkullu lehendakaria egongo da bertan. Zumalakarregi Museoa bisitatuko dute hirugarren edizioa izango den horretan
Euskal Diasporaren Eguna ospatuko dute datorren asteartean, irailaren 8an, Ormaiztegin. Egun hori 2018an ospatu zuen lehenengo aldiz Eusko Jaurlaritzak eta aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Zumalakarregi Museoan dagoen Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketa dela eta erabaki dute Ormaiztegin ospatzea eguna. Jose Maria Iparragirreren 200. urteurrena ere izango dute mintzagai.
Ekintza instituzionala izango da COVID-19a dela eta ez da festarik egongo. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izango da. Baita Bakartxo Tejeria Legabiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia eta Gorka Alvarez Kanpoan Den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaria ere. Goierritarren artean, Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkatea eta Asier Etxarri EH Bilduko zinegotzia, Lurdes Azpiazu Zumalakarregi Museoko Koordinatzailea, Mikel Alberdi erakusketaren komisarioa eta Jon Luqui Urretxuko alkatea izango dira bertan.
Guztira, 30 gonbidatu inguruk ospatuko dute eguna. 16:00etan hasiko dira ekitaldiak. Lehendakariari harrera egingo diote Zumalakarregi Museoko sarreran eta ondoren Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketa bisitatuko dute Mikel Alberdi komisarioarekin batera.
Ekitaldi instituzionalari ekingo diote gero. Udaletxe parean izango da eta euria ari badu eliza atarian. Bertan bi dantzarik aurreskua dantzatuko dute eta hainbat Euskal Etxetako dantzariren bideoak ere proiektatuko dituzte. Horrez gain, Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrenaren harira, antzerki baten bitartez azalduko dute kantari urretxuarraren bizitza Jose Cruz Gurrutxaga eta Miren Arrieta aktoreek. Urkulluk hitzaldia egingo du 2020ko Euskal Diasporaren Egunari amaiera emateko. Ekitaldi itxia izango den arren, jaurlaritzaren Irekia plataforman jarriko dute ikusgai.
Hirugarren urtea
2017an jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak Diaspora Eguna ospatzeko kanpaina, munduko hainbat Euskal Etxeen parte hartzearekin, bertan eta kanpoan dauden euskal komunitateetan ospatzeko eguna izateko helburuz. Irailaren 8an finkatu zuten, eta 2018an ospatu zuten aurrenekoz. Ekitaldi instituzionala soilik egin zuten orduan.
2019an, iaz, Ispasterren (Bizkaia) izan zen, eta ekitaldi instituzionalaz gain, antzerkia, musika eta dantza ere izan ziren herrian. Munduko 17 herrialdetako hainbat Euskal Etxek haien aldetik ere antzerako ekintzak prestatu zituzten eguna ospatzeko. Aurtengoa, beraz, hirugarren urtea da. Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, Gipuzkoan ospatu nahi zuten 2020ko Euskal Diasporaren Eguna, eta Zumalakarregi Museoan dagoen erakusketaren harira aukeratu dute Ormaiztegin egitea.
Ormaiztegiko alkateak eskatu du inguratzen diren herritarrek segurtasun neurri eta distantziak mantendu ditzatela.
Euskal migrazioa hizpide
XIX. mendeko euskal migrazioaren historia azaltzen du Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketak. Leopoldina Rosa izeneko fragata 1842ko ekainean urperatu zen, Uruguaiko itsasertzean. Apirilean abiatu zen Baiona eta Pasaiatik itsasontzia. Tartean, 300 euskal migratzaile zeuden barruan, eta horietatik 70 bakarrik salbatu ziren.
Erakusketak fragata oinarri izanik XIX. euskal migrazioaren ezaugarriak aztertzen ditu bost pertsonairen bizitzak kontatuta. Kate migrazioa Jose Mari Iparragirreren bidez, migrazio politikoa Lesmes de Bastarricaren bidez, emigrazioaren sustapenaren ezaugarriak Frantzisko Brie de Laustanen bidez, bidaietan zituzten baldintzak Elisabeth Salaberryren bidez eta finkatze arrakastatsuak Juan Manuel Besnesen bidez.
Duela ia urtebete izan zen erakusketaren inaugurazioa, 2019ko irailaren 20an, hain zuzen ere. Aldi baterako erakusketa izan da, eta hainbat bisita gidatu egin dituzte Mikel Alberdi museoko komisarioak azalpenak ematen zituela. Udaran ere eskaini dituzte bisitak astearte eta ostegunetan. Museoaren hurrengo ekintza urriaren 18an izango da: abanikoak diseinatzeko tailerra helduentzat.