Ikasleak barrura, birusa kanpoan
Astelehenean hasiko dute ikasturtea HaurHezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta2ko ikasleek. Goierriko ikastetxeetan ere gogorlan egiten ari dira ikasleei ateak irekitzeko etakoronabirusari sarrera galarazteko.
Historiako ikasturterik bereziena hasiko da astelehenean, irakasleak eta ikasleak mundu mailako krisia eragin duen koronabirus baten mehatxuarekin joango baitira ikastetxeetara. Mehatxu horrek eguneroko martxa baldintzatuko du. Eskola guztietan neurriak hartuko dituzte COVID-19ari ateak ixteko, baina birusa zirrikitu txikiena baliatzeko gai da. Hezkuntza arloko sindikatuek grebara joko dute hilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak eskasak direla eta langileak ez dituela aintzat hartu salatzeko.
Ez da uda gozoa izan ikastetxeetako zuzendarientzat. «Denok erronka oso zaila dugu. Gure gainetik daudenentzat ere, hau guztia berria da. Egiten ari direna ahalik eta ondoen egiten ari direla pentsatzen dut. Baina iristen ari zaiguna askotan berandu iristen da eta kontraesanak daude. Hala, oso zaila da hori guztia eskolako errealitatera egokitzea», dio Nerea Urkiola Urretxu eta Zumarragako Gainzuri ikastetxeko zuzendariak.
Neurri bereziak
Zailtasunak zailtasun, astelehenean ikastetxeko ateak irekitzea lortuko dute. Hainbat neurri hartuko dituzte COVID-19ari ateak ixteko, eta sartzea lortzen badu, bere hedapena mugatzeko. «Sarrerak eta irteerak mailakatuak izango dira. Maila bakoitzak bere sarrera eta irteera ordutegia izango du. Bestalde, taldeak egonkorrak izango dira, kasuren bat ematen bada, eskola guztira zabaldu ez dadin. Hala, gelek ez dute elkarren artean harremanik izango. Irakasleek, berriz, mailaka lan egingo dute. Hala, batek positibo ematen badu, ez dugu guztiok itxialdia egin beharrik izango».
Jolas-orduetan ere aldaketak egongo dira. «Patio handiak ditugunez, Haur Hezkuntzakoikasle guztiak elkarrekin irteten ziren, eta Lehen Hezkuntzako guztiak ere bai. Ikasturte honetan gelaka aterako dira. Maila bakoitza ordu ezberdin batean aterako da eta gela bakoitzak bere jolastokia izango du».
Gela barruan Haur Hezkuntzakoak nahastuta egongo dira, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak bosteko taldetan (mahaiekin pentagonoak egingo dituzte ahalik eta bananduen egon daitezen) eta 3, 4, 5 eta 6. mailetakoak banaka eseriko dira (mahaitik mahaira metro eta erdi egongo da). Gainera, materiala mahaietako apaletan eta motxiletan edukiko dute, jaiki beharrik izan ez dezaten. Gelak hiru aldiz aireztatuko dira eta komunak sarritan garbitu.
Ez dute obrarik egin behar izan egoera berrira egokitzeko, baina Urretxuko Udalari bi txoko eskatu dizkiote, jolas-orduan gela bakoitzak bere tokia izan dezan: kiroldegi pareko parkea eta Sorgintzulokoa.
Jangeletako egoera
Jangelen inguruko aferak ere zeresan handia eman du. «Eusko Jaurlaritzak ez ditu jangelak itxi eta jangeletan ikasle guztiak nahastu egingo dira. Musukorik gabe, gainera. Jaurlaritzak jangelak ikasle zaurgarriei ireki behar zaizkiela dio, baina nor sartzen da zaurgarri hitzaren atzean? Familiei arduratsu jokatzekoeskatu diegu, ahalik eta gehienek etxean bazkaldu dezaten. Egoera oso zaila da, etxean bazkaltzen duten askok aitona-amonekin bazkaltzen baitute».
Irakasleak indartsu ikusten ditu, baina beldur pixka bat ere badute. «Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute maskararik erabiliko eta irakasleek beldurra dute. Izan ere, egunero haurrekin kontaktuan egongo dira. Maskara egokiak eskatu dituzte. Bestelakoan, irakasle guztiak lanerako prest daude. Jarrera oso ona dute».
Gurasoen jarrera ere txalotu egin nahi du. «Kezkatuta daude, baina arduratsu jokatzen ari dira. Aste honetan bertan eman diegu protokoloaren berri eta eskuzabalak izango gara. Zelaa ministroak ume bat eskolara ez bidaltzea absentismoa izango dela esan zuen, baina eskuzabal jokatu behar dela uste dugu. Familia bakoitzaren errealitatea aztertuko dugu».
Ez da erraza izango hezkuntza ona bermatzea. «Helburuetara heltzen saiatuko gara, baina lehentasuna ekainera osasuntsu eta orekan iristea izango da. Horretarako, COVID taldea sortu dugu. Bertan, zuzendaritza, irakasleak eta guraso elkartea daude ordezkatuta. Horretaz gain, Osakidetzarekin harreman zuzena dugu».
Ikastolak ere prest
Beasaingo Andramendi ikastolan ere gogor lan egiten ari dira astelehenerako dena prest edukitzeko. Tere Irastortza zuzendariak lasaitasun mezua zabaldu nahi du. «Udan kasuek gora egin dute eta alarma sozial handia dago. Birusa hemen dagoela ezin da ukatu, baina gure lana jendea lasaitzea dela uste dut: gauzak ahalik eta ondoen egiten ari gara, egoera honi aurre egiteko. Behar baino gehiago urduritzea ez da ona. XIX. mendean kolera epidemia bat egon zen eta Zaldibian 53 bizilagun hil ziren bi hilabetetan. Hura ere handia izan zen eta antzeko beste batzuk ere egon dira. Koronabirusa ezin da hizketagai bakarra izan. Guztiok neurriak hartu behar ditugu eta komunikabideek tonua erlaxatu behar dute».
Andramendi ikastolan ere hainbat neurri hartu dituzte koronabirusari aurre egiteko. «Pasiloetan ahalik eta jende gutxien pilatzeko neurriak hartu ditugu, adibidez. Haur Hezkuntzan eta LH 1 eta 2.-n gela bakoitzak bere sarrera izango du, adibidez. Horretarako, leihoak zirenak ate bihurtu ditugu».
Ordutegian ere aldaketak izango dira, helburu berarekin. Jangela txandaka erabiliko da, besteak beste. Garbitasuna ere oso kontuan izango dute. «Konfinamendua garbiketa sakon bat egiteko baliatu genuen eta udan ere garbiketa sakon bat egin dugu. Aireztatzea oso ondo planifikatu dugu, maskarak, gela eta zapatak desinfektatzeko alfonbrak erosi ditugu…», azaldudu Irastortzak.
Ikastolako langileen artean giro ona nabari du. «Gure kezka gauzak ondo egiten asmatzea da. Udalekuetan 80 ume eduki genituen eta kutsatzerik ez egotea lortu genuen. Udalekuek zer egin eta zer ez egin ikasteko balio izan digute. Gainera, iazko lantaldea mantendu dugunez, guztiok ikastetxea ondo ezagutzen dugu. Horrek guztiak lasaitasun apur bat ematen digu», gehitudu Andramendiko zuzendariak.
Gurasoak ere ondo ikusten ditu. «Ikasturte amaieran bilera egin genuen eta inkestak egin genituen. Gainera, gurasoek talde bat eratu zuten zalantzak argitzeko. Beraiek ere kezkatuta daude, baina egiten ari garen lanarekin gustura eta lasai daudela uste dut».
Bukatzeko, hezkuntzaren garrantzia azpimarratu nahi du.«Hezkuntza ezinbestekoa da eta hezkuntzari ematen zaion garrantzia gizarte baten mailaren erakuslea da. Gauzak ondo egitea eta haur zoriontsuak heztea guztion ardura da».