Informazio panelak jarri dituzte txakur parkeetan eta skate parkean
Eremu horietan bete beharreko arauak gogorarazi asmoz jarri ditu informazio panelak Ordiziako Udalak, elkarbizitzarako arauak betetzea garrantzitsua dela argudiatuta
Ordiziako txakur parkeetan eta skate parkean elkarbizitzarako espazio komunetan araudia errespetatzea oso garrantzitsua dela argudiatuta, neurriak gogorarazteko asmoz panel berriak jarri ditu Ordiziako Udalak.
Upabiko txakur parkeari dagokionez, 2018an egokitu zen eremua eta egunetik egunera, erabiltzaile gehiago dira bertara gerturatzen direnak. Hala esan du txakurra Upabialdeko txakur parkera eramaten duen herritar batek: «Ireki zutenetik ia egunero etortzen gara Odi gure txakurrarekin». Nabarmendu du, «herrian geroz eta txakur gehiago» dagoela, eta horrelako espazioak izatea «eskertzekoa» dela. Upabialdean dagoen txakurrentzako eremuaz azpimarratu du «kokaleku oso onean» dagoela, gainera, «itzala du, esertzeko tokia, eremu zabala, iturria eta gorotzak botatzeko edukiontzia».
Txakur parkearen sarreran jarri duten panel informatibo berria dela eta esan du, «orokorrean arauak errespetatzen» direla baina «oso ondo» deritzola «gogorarazteko».
Panel informatiboan irakur daitekeenez, erroldatuta dauden eta mikrotxipa ezarrita duten txakurrek soilik erabili ahalko dute eremu hori, txakurren batek liskarra sortzen badu beste txakur batzuekin, txakurra berehala atera beharko da parketik, eta txakurraren jabeak txakurraren gorotzak jaso beharko ditu, besteak beste.
Skate parkea
Upabiko txakur parkearen alboan dago skate parkea, eta kirol horren zaletuek hasieratik erabili izan badute ere, aurtengo maiatzean Ordiziako Udalak eremu hori berritu zuenetik, egunero-egunero hamarnaka dira espazio hori erabiltzen duten gaztetxoak eta ez hain gazteak.
Bertako erabiltzaileek diotenez ere, «orokorrean arauak betetzen» dira, baina «ondo» ikusi dute, udalak panel informatiboak jarri izana, batez ere «erabiltzaile berriak gerturatzen direnerako, jakin dezaten nola jokatu».
Bestalde, skate parkean bete beharreko arauak dira, besteak beste, 12 urtetik beherakoak heldu batekin egon beharko direla, 16 urtetik beherakoek kaskoa derrigorrez erabili beharko dutela, eta errodadura geruza zaintzeko, debekatuta dagoela arrapalak margotzea.