Turismoak hainbestean eutsi dio, bisitariak gutxitu arren
Aurreikuspenak ezkorrak izanagatik konforme amaitu dute. Abuztua hobea izan da eta datuak txukundu dituzte. Euskal Herriko turismoa izan da nagusiki
Goierrin iaz baino turista gutxiago izan diren arren, konforme agertu dira Goitur eta Urola Garaia turismo agentziak. %34 jaitsi da bisitari kopurua Goierri behean, eta %40 Goierri garaian. «Gatozen lekutik etorrita, ez dira horren datu txarrak», esan du Aitor Aldasoro Goiturreko presidenteak. Bide beretik hitz egin du Amaia Reta Urola Garaiko Turismo Teknikariak: «Emaitzak ez dira nahiko genituzkeenak, baina egoera zein den ikusita, ezin dezakegu esan uda sasoia gaizki joan denik».
Aurreikuspenak ezkorrak ziren eta hotz hasi zen denboraldia. Ekainean ia ez zegoela mugimendurik aitortu du Retak eta, uztailean, Goiturren datuen arabera, Goierri behean iazko turisten erdiak iritsi ziren. Abuztuak emaitzak txukuntzeko balio izan die.
Euskal herritarrek bisitatu dute, nagusiki, Goierri. Ez da harritzekoa, herrialde barneko turismoa asko sustatu baita, baina berritasuna izan bada. Aurreko urteetan Espainiatik etorritako bisitariak ziren orokorrean eta aurten, Retaren arabera, bizkaitarrak izan dira gehiengoa. «Bertakoa indartzea oso datu ona da. Nahiz eta egun gutxiago igaro, opor garaitik kanpo edozein asteburutan etor daitezke», nabarmendu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak. Kanpora joan ez den goierritarrak ere gehiago izan dira aurten eta beraiek ere bizia eman diete kaleei. Atzerriko turisten artean gehiengoa katalanak, valentziarra, Alakantekoa eta madrildarra izan da. Espainiar estatutik kanpoko turismorik apenas egon da.
Egoerak hala behartuta, turistak talde txikietan etorri dira. «Kalte handia egin digu», dio Retak. «Gure turismoa taldeko bidaietara dago bideratua. Antion ez da talderik izan, eta Igartubeitin ere asko jaitsi dira udalekuetako bisitak». Halere, talde txikiek ere badituzte euren onurak. «Bisita gidatuak ia norberaren neurrira egindakoak izan dira, eta turistek oso pozik amaitu dute», dio Retak. Osinaldek ere azpimarratu du bisitek harrera «bikaina» izan dutela.
Turista bakoitzak, bataz beste, hiruzpalau egun igaro ditu gurean. Dena den, egon da kasurik bertan egonda egonaldia luzatzea erabaki eta aste osoa pasa duenik. Azken orduko erreserbak ere ohi baino gehiago izan dira eta turismo bulegoetan ere telefono bidezko kontsultak aurreko urteen aldean hazi egin dira. Kantzelazioak ez dira igo.
Turismo bulegoetako arduradunek nabarmendu dute kutsatzeak ekiditeko neurriak zorrotz bete direla eta turistek eskertu dutela. Turistak seguru sentitu dira eta egonaldia atsegina egin zaie.
Datorrenari, adi
Uda sasoia da turismoari lotutako sektoreen garai oparoena, eta urte osoa baldintzatzen du. «Uda txarra bada urte osoan nabaritzen da. Galerak errekuperatzeko tarterik ez da egoten», esan du Retak.
Uda sasoia amaituta turistarik ia ez da gelditzen bertan, soilik lan kontuengatik etorritakoak. «Inguruko enpresen egoerak baldintzatuko du hemendik aurrera. Horregatik goierritarrei dei egiten diet udazkeneko asteburuetan inguruko txokoak ezagutzeko», eskatu du Osinaldek. COVID-19ak eragingo duen krisi ekonomikoak barne kontsumoan zer eragin izango duen ikusteko dago.