Zaldibian ez dute herriko festarik ospatuko aurten
Herriko taldeetako ordezkariek eta eragileek egindako batzarrean hartu dute erabakia. Horren ordez, bestelako kultur ekitaldiak antolatzeko asmoa iragarri dute.
Uda partean beste hainbat herritan gertatu den bezala, Zaldibian ere, herriko festak bertan behera uztea erabaki dute. Udalak deituta, herriko taldeetako ordezkariek eta eragileek atzo egindako batzarrean hartu zuten erabakia. Orain “arduraz jokatzeko unea” dela uste dute, eta baita “elkarlanean aritzekoa” ere.
Urtero ekainean egin ohi dute festen inguruko bilera, baina aurten “bizi dugun egoera ziurgabea medio, irail hasieran biltzea” erabaki zuten. Ordubete inguru iraun zuen bilera bi zatitan banatu zuten. Batetik, herriko festak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten, izan ere, “Covid-19aren zabalpena ekiditeko neurriak eta herriko festak ez dira bateragarriak”. Batzarraren bigarren zatian, erabaki horrek izan ditzakeen ondorioak izan zituzten hizpide. Izan ere, festek “komunitatea indartzea, herria egitea eta nortasuna lantzea” bezalako helburua dute batetik; bestetik, herriko “kultur, kirol eta aisiarako erakusleiho” ere badira; eta azkenik herriko ekoizle, komertzio eta ostalarientzat “bultzada ekonomikoa” dakarte. Festak bertan behera uzteak “kalteak eragingo ditu eremuotan”, eta horiek nolabait arintzeko alternatibak ere aztertu dituzte.
Ekintza-programa edo egitarau batean gauzatu nahi dute alternatiba hori, “irudimenez eta elkarlanez” kalte horiek arintzeko hainbat ekimen egin daitezkeela uste baitute. Festetako gordeta zegoen diru-partida ekimen horietara bideratuko du udalak, baina udazkeneko programazioa denen artean osatu nahi dute.
Bileran herriko hainbat elkartek eta eragilek parte hartu dute. Horien artean daude Iztueta Dantza Taldea, Txanbolinteroak, Beti Gazte Elkartea, Ausa Gaztelu Guraso Elkartea, Etxekonekok Elkartea, Aske taldea, Bertso Eskola, Zapiak Bat Elkartea, Almitza Sega Elkartea, Etxerat Elkartea eta Presoen Lagunak, Zaldibiako Gazte Asanblada, Ardiki Kofradia, herriguneko ostalariak, Gaztelu eta Zubi-Buru Elkarteak. Batzarraren ondoren, taldeko argazkia atera zuten eragile guztiek.