Erronkari heltzeko gogotsu
Giza baliabideak gehitu beharra eta administrazioaren erabakiak denboraz hartu eta helaraztea dira ikastetxeen eskakizun batzuk. Eskolak lanerako ilusioz daude.
Administrazioak eta gizarteak ez dute nolanahiko ardura utzi ikastetxeen bizkar. Haurren osasun segurtasunaren erantzukizuna eskolen gain dago, aurrez aurreko klaseak hasi direnetik, ikastetxean dauden denboran. Eta hori azken ehun urteetako pandemia gordinenaren garaian. Sei hilabetean ezohiko moduan eta etxetik jardun ondoren, atzera ikastetxera itzultzeak eman dien poztasunari, egoerak eskatzen duen altueran egotearen kezka gehitu zaio. Baina, funtzio publiko diren neurrian, erronka gisa eta aurrera egiteko sinesmen guztiarekin heldu diote desafioari eskola-komunitateek.
Orokorrean, baina, «erdi abandonatuta» utzi dituzten sentipena daukate, Goierriko bateko eta besteko ikastetxeetan galdetuz gero. Hezkuntza administrazio orokorrak kasu honetan jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, udak eskaini duen denbora gauzak «behar bezala» egiteko aprobetxatu ez duen zaporea iritsi da ikasgeletara.
Ikasturte hasierako lehen egunotan, olatuari neurria hartzen ari dira. Ataungo Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxean astelehenean hasi ziren. «Normaltasun berri deitu den egoera honen barruan, nahiko ondo hasi gara, egia esan», aitortu du Agurtzane Etxeberria zuzendariak.
Erantzun beharreko lehen desafioa espazioarena izan zuten: ikastetxea antolatu, sarrera-irteerak egokitu, gelak banatu… «Ataungo eskola-eraikinak asko laguntzen du antolaketa eta egitura horretan: eskola irekia da eta kanpoalde zabala dugu inguruan. Hiru sarrera ditu. Edozertarako erraztasuna da hori».
Kanpora bai, baina nola
Lau hormen artetik aire librera irtetea bihurtu da udaren hondar honetan ikasleen onurarako kontsigna bat. Paseoak egin, herrian barrena ibili, aire berrituz eta kutsatze arriskua saihestuz. Baina horrek ere badu bere ezina. «Kanpora irteteak arazo bat dauka: bi irakasle joan behar dira gutxienez taldeko». Eta giza baliabideen falta azaleratzen da orduan. Lekuarenak kitatuta, irakasle falta baita ikastetxeen beste buruhauste handienetako bat.
«Eguraldiak laguntzen du irteteko, eta egokia eta aproposa da berez kanpoan denbora gehiago ibiltzea. Baina beste antolaketa bat eskatzen du, eta oso justu gaude alde horretatik. Lehenagoko irakasle kopuruarekin gaude, ez dute igo», dio Etxeberriak. Eskola publikoen kasuan, erkidegoko administrazioaren esku dago giza baliabideen afera.
Bien bitartean, «ondo» hasitako ikasturteari bere horretan eustea da orain Ataungo eskolan lehentasuna. «Orain, guztiok daukagun nahia da ea horrela irauten dugun. Hori da zalantza orain». Erronka ere bai, gizarte osoarentzat.
Idiazabalen ere lanean
Gabezia, ezinegon eta ziurgabetasun orokorrak zentro guztietan antzekoak dituzte. Baina bestelako mezu bat ere zabaldu dute: desafioari aurre egiteko gogoa. Idiazabalgo Aita Iparragirre Herri Eskolan protokoloak diseinatu eta familiei azaldu dizkiete. «Segurtasuna emanda, lasai ikusten ditugu familiak», esan du Aita Iparragirreko zuzendari Haritz Urrestarazuk.
Hezkuntzako profesionalen aldartea, berriz, alea gehitzeko dagoela esan du: «Gutxieneko normaltasun batera itzultzeko gogoa zegoen. Eskola presentzialaren aldekoak gara, segurtasun neurri guztiak betetzea bermatzen den artean behintzat. Baina, aldi berean, egundoko lan karga da. Kurtso hasiera eta bukaera izaten da ohikoan ere lan gehienekoa, eta orain gehiago. Ilusioarekin eta gogotsu gaude, hala ere; erronka bat bezala hartzen dugu, eta aurrera egin beharra dago. Ahal den normalen jokatuz,egoerak uzten badigu».
Pertsonal gabezia sumatu dute Aita Iparragirren. Jangelako zerbitzuan, adibidez, bazkaltzeko lau txanda bereizi behar izan dituzte, lehengo bien aldean. Begirale gehiago behar da, eta «hori dena orain borrokatu beharra dago, ikasturtea hasita dugula», salatu du Urrestarazuk.
Bestetik, espazio aldetik «justu samar», baina sartu dira denak eskola-etxean. Segurtasun protokoloek gehitu diete lan karga. «Uztailean bat bidali zuten, abuztuko azken astean haren osagarria, eta orain aldaketak sartzen ari dira. Ikastetxe bakoitzak bere errealitatera moldatu behar du; izugarrizko lanak egin ditugu, eta hankaz gora jarri dira zenbait gauza azken unean».