Alderdiek jai girorik ez pizteko eskatu diete urretxuarrei
EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariek adierazpen bateratu bat prestatu dute eta bertan herritarrei asteburu honetan jai girorik ez pizteko eskatu diete
Uztailean Urretxuko Jai batzordean parte hartzen duten eragileek aurten jairik ez ospatzea erabaki zuten eta Urretxuko Udalean ordezkaritza duten talde politikoek erabaki horrekin bat egin dute. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariek adierazpen bateratu bat prestatu dute eta bertan herritarrei asteburu honetan jai girorik ez pizteko eskatu diete.
Jai batzordeko kideek hartutako erabakia txalotu dute. «Uztailean argitasun handiz erabaki zen herritar eta jaietako eragileon artean, jarrera txalogarri bezain arduratsua erakutsiz, aurten ez genituela Santa Anastasia jaiak ospatuko. Ez betikoak, ezta gaizki deituriko ez jaiak ere. Zalantza izpirik gabe, denon osasuna lehenetsiz, eskuzabaltasunez uko egin behar diogu jaiek berekin dakarten pertsona elkartze eta pilaketari».
Herritarrei arduratsuak izateko eskatu diete. «Herritarrok kontuan hartu behar dugu aurten ez dugula jairik ospatzen. Ez ditzagun jaia egitera edo jende pilaketak egotera bultzatu ahal dituzten ekintza edo jarrerak izan, irailean zehar baina bereziki irailaren 18tik 21era, jaiak izango ziren asteburuan».
Urretxutik kanpo bizi direnei asteburu honetan Urretxura ez etortzeko eskatu diete. «Gure ekintzek ondorio larriak izan ditzakete gugan eta maite ditugun pertsonengan. Izan gaitezen zentzudunak eta jokatu dezagun errespetuz, beranduegi izan baino lehen».