«Egungo egoeran ezin da festarik ospatu, helduko da garaia»
Urretxuko Jai batzordeak aurten Santa Anastasia festak ez antolatzea erabaki du eta herritarrei festa girorik ez pizteko eskatu die. Azkarate Jai batzordeko kidea da.
Koronabirusak Urretxuko Jai batzordearen jarduna ere baldintzatu du.
San Joan jaien inguruko bilerak telematikoak izan ziren. Santa Anastasia jaien inguruko bilerei dagokienez, lehenengoa ekainaren 17an egin genuen udaletxeko atarian. Argi genuen festak ezingo zirela orain arteko moduan egin eta mahai gainean proposamen batzuk jarri ziren. Ekitaldi sinbolikoak ziren: karroza bakarra atera, kalejiraren bat egin. Baina egoerak okerrera egin zuen eta uztailaren 15eko bileran jaiak bertan behera uztea erabaki genuen.
Adostasuna erabatekoa izan al zen?
Bai. Erabaki hori hartu beharrak pena eman zigun, baina ez zegoen beste aukerarik. Urretxun abantaila bat dugu: jaiak denboraldiko azkenetakoak direnez, beste herrietan zer egin duten eta zer gertatu den ikusi ahal izan dugu.
Tristea izan al da jaiak bertan behera utzi beharra?
Pena pixka bat ematen du, baina dagoeneko egoera honetara ohitu gara eta festak bertan behera utzi behar izana ez da ezustekoa izan. Urretxuko jaietan jende asko elkartzen da, ekintzak oso parte hartzaileak dira… eta egungo egoeran ezin da halako festarik ospatu. Helduko da festak ospatzeko garaia.
Herritarrei zentzudunak izateko eta festa girorik ez pizteko eskatu diezue.
Udan zehar komunikabide batzuetan ez festa espresioa erabili dute, nire ustez ezin da ezer egin: ez festak eta ezta ez festa direlakoak ere. Ez festa terminoa ez da batere egokia, festa egitea baitakar berarekin. Mezua oso argia izan behar da: Urretxun ez da egingo ez bata eta ez bestea. Helduko dira garai hobeak. Ez dago besterik.
Denon hobe beharrez, asteburu hau asteburu arrunta izatea komeni da.
Hala izan beharko litzateke eta herritar guztion esku dago hala izatea.
Zuk zeuk Santa Anastasia jaietako makina bat ekitalditan parte hartzen duzu.
Azkeneko urte hauetan ez dut talde jakin baten izenean parte hartu Jai batzordean. Eragile bezala, karrozen desfilea, gastronomia lehiaketa eta abelgorri lehiaketa aurkezten ditut, larunbat goizeko bertso saioa bideratzen dut eta igande goizeko jaialdiaren antolaketan laguntzen dut.
Zein da Urretxuko jaietako zure ekitaldi kuttuna?
Ez naiz bakar bat aukeratzeko gai. Jendearen parte hartzeak egiten ditu berezi Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Parte hartze handia duten ekitaldi asko daude: gastronomia lehiaketa, karrozen desfilea, kalejirak, igande goizeko festa… Nire ustez, orokortasunak egiten ditu handi Urretxuko jaiak. Egun gutxi dira, baina oso ondo aprobetxatuak.
Festa parte hartzaileak direla esaten da beti.
Parte hartzeko aukera ematen duten ekitaldi asko daude. Beste festa batzuetan jendea ikusle gisa egoten da. Urretxuko jaiak, berriz, parte hartzeko dira. Festak irailean izateak ere berezi egiten ditu. Denok lanean edo eskolan hasita gaudela berriro festa egin ahal izatea polita da. Uztailean, abuztuan… jende asko kanpoan egoten da. Iraileko hirugarren asteburuan, ordea, ia herri guztia herrian egoten da. Udari agurra emateko modua da.
Bertsolaria eta kultur eragilea ere bazara. Nola ikusten duzu kultura mundua?
Kulturatik bizi direnak oso gaizki pasatzen ari dira. Berriro martxan jarri dira, baina oso poliki. Jende horri lagundu egin behar diogu.