Euskal Herriko Unibertsitatearen uda ikastaroa egingo dute bihar Zerainen
9:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da eta dohainik izango da. 'Auzolantzen' ikerketa proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte.
Euskal Herriko Unibertsitateak ikastaroak eskainiko ditu bihar, irailaren 18a, Zeraingo elizan, uda ikastaroen barruan. Zerainlab elkarteak sustatuta, Auzolantzen izeneko proiektua landu dute Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko hainbat ikerlarik, eta Zerainen aurkeztuko dituzte ikerketaren emaitzak.
Herri txikiak aurrera begira: auzolaneko kultura eta balioetatik etorkizunera izena du jardunaldiak, eta izena eman nahi duenak Uda ikastaroaren webgunean sartu eta “G03-20” kodigoa duen ikastaroa bilatu behar du. Dohainik da.
Deustuko Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta Gizarte zientzietan doktorea den Ion Muñoa Errastik zuzenduko du ikastaroa. Hiru irakasle ere izango dira bertan: Patxi Juaristi Larrinaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko campus-eko errektoreordea eta Soziologian doktorea, euskaltzain urgazlea eta euskaldunon balio-sisteman aditua; Andoni Eizagirre Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta Filosofian doktorea; eta Isabel Elizalde Arretxea Eusko Ikaskuntzaren Lurralde Orekako lan-taldeko kidea. Nafarroako Gobernuko landa garapeneko kontseilari ohia eta tokiko garapenean aditua da Elizalde.
9:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Erregistroa eta dokumentazio banaketa egin ostean, zuzendariak jardunaldiaren aurkezpena egingo du. 9:30ean Kultura tradizionala, auzolana eta euskal herrietako garapen historikoaz ariko da Patxi Juaristi Larrinaga, eta 10:30ean Auzolantzen ikerketa izango dute mintzagai Andoni Eizagirre Eizagirreren eskutik.
12:00etan XXI. mendeko herri txikien (landa eremuetako) kontakizuna eraikitzeko gogoetak mintzaldia eskainiko du Isabel Elizalde Arretxeak, eta 13:00etan solasaldi irekia egongo da. Hiru hizlarien eta ikasleen arteko eztabaida izango da, ikastaroaren zuzendariak gidatuta. Ikastaroei amaiera emateko, 13:45ean jardunaldiaren ondorioak aztertuko dituzte.