Irizar e-mobilityk hirugarren eskaera lortu du Madrilgo ETMtik
Guztira Irizar markako 55 autobus elektriko izango ditu bere flotan
Irizar e-mobilityk beste behin kontratu bat sinatu du Madrilgo Udaleko Garraio Enpresarekin (EMT Madrid), hirugarren kontratua hain zuzen. Bere flota berritzeko asmoz, %100 elektrikoak diren 20 autobuseko eskaera egin du, zero emisiokoak eta 12 metroko luzerako Irizar ie bus modelokoak. Honez gain, kontratuak 20 kargagailu interoperableren hornikuntza ere jasotzen du, Irizar Taldean garatu eta fabrikatutakoak hauek ere.
Aipatutako modeloa 12 metroko luzera duen Irizar ie busaren belaunaldi berria izango da, eta berrikuntzaz beteta etorriko da: pisua murriztea, espazioa optimizatzea, bidaiarientzako gaitasun handiagoa eta bateria berriak, horiek guztiak Irizarrek garatu eta fabrikatuak. 220 km-ko autonomia duten ibilgailu hauek, 2 ate, 28 eserleku, gidariarentzako eserleku 1, eta gurpildun aulkientzat 2 gune dituzte. Elektronikan, komunikazioan eta osagai zein sistema nagusietan, Irizar Taldeak garatutako teknologia dute. Bateriak ere teknologia propiokoak dira, eta segurtasun elektriko, termiko eta mekanikoko Europako azken araudiak betetzen dituzte: R100.v2, R10.v5 eta UN38.3. Kargarako 100 kW-ko 20 kargagailu interoperable egingo ditu Irizarrek; ibilgailuak gauez kargatuko dira Combo 2 karga hargune baten bidez.
Madrilgo EMTren instalazioetan teknikari propioak ditu Irizar e-mobilityk, hirian ibiltzen diren Irizar autobus elektrikoei zerbitzua emateko. Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiaren hitzetan, “Madril erreferentziazko hiria izaten ari da garraio publikoaren elektrifikazioan, eta oso harro gaude eraldaketa horretan parte hartzeaz. Hirugarren aldia da gure elektromugikortasun-soluzioetan konfiantza dutela. Madrilgo EMT gure bazkide bihurtu da autobus-flotaren elektrifikazioan. Haiekin dugun harremana hainbat urtetako lanaren konfiantzan oinarritzen da”.
Madrilgo ETMren hirugarren eskaera Irizar e-mobilityri
2017an egin zion Madrilgo ETMk bere lehenengo eskaera Irizar e-mobilityri: 12 metro luzerako Irizar i2e modeloko 15 autobus % 100eko elektriko. Autobus horiek 2018. urtearen hasieran jarri ziren martxan hiriburuan. 2019an, enpresa berak 12 metro luzeko Irizar ie bus modeloaren 20 unitate berri erosi zituen berriro, eta urte honen hasieran jarri dira martxan. Hirugarren eskaera honekin Madrilek zero emisioko Irizar markako 55 autobus izango ditu.