Kirol eskaintza bete-betearekin hasiko du denboraldia Majorik

Kirol jarduerak irailaren 28an hasiko dira, eta izen ematea zabalik dago honezkero

Irailarekin batera, Ordiziako Majori kiroldegiak ikastaro eskaintza zabala egin du eta izen ematea zabalik dago. Neurri bereziak hartuko direla gogorarazi dute bai udaleko Kirol zinegotzia den Jon Ander Caballerok, baita Majoriko kudeatzailea Odilo Rivelak ere: «COVID-19aren aurrean herritarren segurtasuna bermatzea izango da helburua».

Caballerok azaldu duenez, «ikastaro interesgarriak» jarriko dituzte «ordiziarren eskura». Gogoratu du, «Ordizian kirolak izugarrizko garrantzia» duela eta horren adibide dela «erabiltzaile kopuru handia». Udalarentzat, «oso garrantzitsua da eskaintza zabala jartzea eskura, nahi duenak nahi duen kirola praktikatzeko aukera izan dezan».

Espazio segurua egiteko baldintzak eta protokoloak ezarri dituzte kiroldegian, erabilpen guztietarako, eta kirol eskaintza ere hala antolatu da.

Gauzak horrela, kirol jarduerak irailaren 28an hasiko direla aurreratu du Rivelak: «Data hori da kirol ekintzen hasiera emateko aukeratutako data eta aurretik izena eman beharko da, MajoriApp-ren bidez, eroso eta azkar». Erabiltzaileei informazioa, eposta bidez bidaliko zaie.

Denboraldi berrian izango den kirol eta ikastaro eskaintzari dagokionez, Majori kiroldegiaren webgunean eta sare sozialetan kontsultatu daiteke.

Izen emateei dagokienez, lehenik eta behin, aldez aurretik ikastaroetan izena emanda zeuden pertsonak lehenetsi dira. Bestalde, bihar, ostirala, izen emate orokorra irekiko dute, 07:00etan. Bertan libre gelditzen diren ikastaroetan izena emateko aukera izango da.

Izena emateko epea irailaren 23an 07:00etan bukatuko da. Jarraian, aforoarengatik beharra badago, zozketa egingo da. Kasu hori gertatuko balitz, ez da izena emandako ordena kontuan hartuko eta zuzenean zozketa egingo da guztien artean.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa