Larrearen musika herrian berriz
Oiasso Kamerata hari orkestrak eta Itxaso Aristizabal piano jotzaileak Valentin Larrea konpositore gabiriarraren kontzertua egingo dute Gabiriako elizan, igande arratsean
Valentin Larrea Iturbe musikari eta konpositorearen (Gabiria, 1876 Iruñea, 1970) obra sorterrira itzuliko da. Pianorako eta harizko orkestrarako konposatu zuen obra berreskuratu du haren familiak, eta goi mailako kontzertu batean aurkeztuko dute Gabiriako elizan, igandean 19:00etan. Iaz pianorako obraren sail bat Iruñean eta Zarautzen bi kontzertutan eskaini ondoren, 50 urtean lehenengo aldiz Larrearen musika-obrak zuzenean entzun ahalko dira.
Berazadi Larrea familiak iaz ekin zion aitonaren musika berreskuratzeari. «Familiarentzat, gure aitonaren obra ezezaguna zen, ez genuen sekula entzun. Jakin bagenekien aitona oso musikari ona izan zela, sari asko jaso zituela eta bere garaian oso-oso ospetsua eta txalotua izan zela. Barkaezina iruditzen zitzaigun, eta buru-belarri sartu ginen proiektu honetan 2019ko otsailean», azaldu du Elena Berazadi Larrea bilobak, Gabiriako udaletxean astearte eguerdian emandako prentsaurrekoan.
Larrearen figura eta musika Gabirian aurkezteak familiakoei «emozioa» eragin diela aitortu du. «Guretzat izugarria da aitonaren sorterrian eman ahal izatea ezagutzera bere obra, hau da berezko lekua horretarako». Gabiriako Ostatuan jaio zen 1876an, udaletxea orduan. Oroigarri plaka bat bistaraziko dute igandean, 18:15ean. Sorterriarekin lotura gero ere mantendu zuen Larreak: Andre Mari jaietan urtero izaten zen, elizan organoa jotzen, eta familiaren Larrea-Enea etxean piano emanaldiak eskaintzen zizkien bizilagunei, Bolero orkestrakoei eta txistulariei.
Musikari dohaitsua
Piano-jotzaile ezezik Eslava Kasinoko pianista titularra zen eta Quinteto Aramendian jotzen zuen, besteak beste, konposiziorako ere dohaia erakutsi zuen. «Askotariko obra dauka: organorako, txisturako, korala, hari boskoteak eta laukoteak, pianorako… Familiaren asmoa da gutxinaka bere obra guztia ezagutzera ematea. Oso proiektu luzea eta ilusionagarria dugu esku artean», dio Berazadik.
Eresbil gordailuan Valentin Larrearen 86 partitura daude gordeta, eta Koldo Mitxelena Kulturunean beste bat. Gabiriako kontzertuan, nagusiki harizko orkestrarako egindako obra aurkeztuko dute, 13 piezako errepertorioa, pianoarekin.
Irungo Oiasso Kamerata ganbera orkestrak (15 kide ditu) eta Itxaso Aristizabal piano jotzaileak iazko bi kontzertuen emailea parte hartuko dute. «Orkestra eta pianista bikainak dira. Horrelako mailako kontzertu bat Gabirian berriz ikustea oso zaila izango da denbora luze batean. Alde horretatik, merezi zuen ahal dugunean laguntzea», esan du Xabier Barriola musikologo eta laguntzaile gabiriarrak.
Elizako aforoa mugatua izango da, eta COVID-19aren neurri guztiak hartuko ditu udalak. Oier Oiarbide alkateak familia eskertu du, «altxor bat ikusarazi» dielako familiak gabiriarrei.