Tokiko establezimenduei bultzada ematera dator Stock eta Kale Azoka
Ostiralean eta larunbatean egingo dute Stock eta Kale Azoka. Ordiziako Plaza Nagusian eta herrigunean jarriko dituzte postuak. 15 saltokik parte hartuko dute, bi ekintzetan banatuta
Ordiziako merkatariek kalera aterako dituzte produktuak, bihar eta etzi, Stock eta Kale Azoka egingo dituztelako. Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, merkataritza eta kontsumo sailaren laguntzarekin antolatutako ekimena da.
Bi ekintzak bat eginez, tokiko merkataritza sustatzera dator Stock eta Kale Azoka, eta hala gogorarazi dute Ainhoa Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak eta Aitor Velazquez Ordizian Elkarteko teknikariak. Haiekin batera izan zien dendarien ordezkaritza bat.
Herriko establezimenduek «inoizko bultzadarik handiena» behar dutela nabarmendu dute. Stock eta Kale Azokan erosteak bertakoari laguntzeaz gain, «lehen mailako produktuak prezio oso erakargarrietan erosteko aukera ere» badela esan du Velazquezek, eta gainera, « bisitariak udazkeneko kanpainako azken nobedadeak ezagutu eta eskuratzeko baliagarria izango da, nobedade hauek saltokietako erakusleihoetan ikusgai daudelako dagoeneko».
Stock Azoka, Plaza Nagusian egingo dute. Bertan karpa desberdinetan jarriko dituzte dendariek haien produktuak. Kale-azoka berriz, establezimendu bakoitzaren aurrean egingo dute. Ekimenaren antolakuntzak, bizitzen ari garen egoera honetara egokituriko ekintza aurkeztu du: «Segurtasun neurri guztiak beteko dira, eta horretarako dendarien eskarmentua eta profesionaltasuna lagungarria izango da». Bestalde, gerturatu litezkeen erosleei, «segurtasun neurriak betetzeko» eskaera egin die antolakuntzak.
Hamabost saltoki
Edizio honetan, 15 saltokik parte hartuko dute; horietako hamabik herrigune historikoan eta inguruko kaleetan denden aurrealdera aterako dituzte produktuak, eta beste hiruk, Plaza Nagusian jarriko dute postua. «Ingurune ireki, eroso eta atsedengarri batean beraien produktuak eskaintzeko aukera emango die ekintza honek, herriko kaleetatik ibilbidea erakarga- rriagoa eginez».
Stock azokaren ordutegia, 10:00etatik 14:00era eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Kale Azokarena berriz, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Zirkulazioan eragina
Stock azokak eragina izango du trafikoan, gune historikoan hain zuzen ere. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, gune historikora ibilgailu guztien pasoa galaraziko baita.
Larrialdiaren bat izanez gero udaltzaingoarekin harremanetan jarri 943 80 50 16 telefono zenbakian.