Udak adio emankorra eman dio azokari
Atalez atal nobedade dezente: mahatsa, brokolia, tipulin landareak eta lore berriak. Jendez ere bizi iragan zen atzoko ferian.
Urtaro aldaketaren seinaleak poliki-poliki agertzen hasiak ziren. Atzokoa izan zen urte arraro honetako udako azken feria. Eta naturan ere seinale bereziak ikusi dira. M. Jesus Oria Itsasokoak aipatzen zuen argazkiak erakutsiz: «Gerezia eta San Juan sagar arbolak loretan». Dena dena, produktuetan erreparatuz garaian garaikoak agertu ziren. Fruta atalean sagarra baldin bada nagusi ere, atzo Gabiriako Oñatibi Txikiko mahats moskatela aipatu behar dugu. Kilo asko izango ez badira ere haiek oso gozoak. Joxe Antonio Elosegik salgai izan zuen 2,5 euroan kiloa.
Barazkiei dagokionez, Diana Matarranzek Aldabazaharreko garaiko lehen brokoliak ekarri zituen; oso buru ederrak 2,5 euroan bakoitza.
Landareetan ere txandan-txandan jende dezente atzo. Hasi berria da udaberriko tipulin landarea, 3 eta 3,5 euroan zientoa. Batzuk orain dute landatzeko ohitura, zainak indartu eta negua hobeto pasa dezaten martxorako burutxoa egin eta jateko prest izango direnaren esperantzan. Beste batzuk negu bukaera aldera arte itxoin ohi dute. Aza eta familiakoak, urteko porrua, eskarola, txikoria eskatuenen artean izan ziren.
Urnietako Shitaki onddoa
Plaza nagusian kokatuak dauden postuetako itzulia segituz, atal mikologikoan, ohikoa den moduan, onddoa izan zen nagusi kopuruari dagokionez. Hemengorik ez oraingoz. Zizahoria, saltsa perretxiku beltza, gorringo gutxi batzuk ere bai. Eta lehen aldiz Shitake delakoa Lasaren postuan. Kultibokoak direla eta, Urnietan egiten dituztela esaten zigun Mikel Lasak. 14 euroan saldu zen kiloa. Ondoan lore postuak, udaletxearen pare-parean. Horietan ere udazken ukituak ziklamena, azalea eta txilarra ekartzen hasi dira.
Zuhaiztira eta frontoi txikira hurbilduz piper erre usaina zen nagusi. Hasi da Jose Luis Amatrian piperrak erretzen. Najerano eta pikillo piperrak, 5 eta 10 kilo gordinik pisatu, eta 11-19 euro artean izan zituen erreta salgai.
Udaberri-udak izan duen baino bizi poz handiagoa opa diogu laster hasiko den udazkenari. Ea hala gertatzen den.