Zerainen eta Ezkio-Itsason kanpo espazioa lehenetsiko dute
Zeraingo Herri Eskolak espazio publikoak erabiltzeko lehentasuna izango du eskola orduetan. Ezkio-Itsason haurren zaintza zerbitzua bertan behera geratu da
Hezkuntza Sailak ikastetxe eta eskola guztientzako protokoloa egin du. Jarraibide batzuk dituzte, ikastetxe bakoitzaren baliabideen eta ezaugarrien arabera ezarriko dituztenak. Gainontzeko eskoletan bezala, Zeraingo Herri Eskolan eta Ezkio-Itsasoko Herri Eskolan ere hainbat neurri hartu dituzte ikasturtea ahalik eta ondoen hasteko.
Eskola Txikiak dira, hau da, adin aniztasuna bultzatzen dute eta landa eremuan kokatuta daude biak. Herri txikiak izanda, ikasle kopurua ere murritza da bietan. Zeraingo Herri Eskolan 14 ikasle besterik ez dira: bi urtetatik zazpi urtera bitarteko haurrak. Miren Odriozola zuzendariak azaldutakoaren arabera, tailerretan banatuta egiten dute lan: «Tailer batetik bestera pasatzen garen aldiro eskuak garbitu behar ditugu». Egun osoan 10 bat aldiz garbitzen dituzte eskuak. Sei urtetik gorakoek eta helduek maskara daramate, eta sei urteko azpikoentzat ez da derrigorrezkoa.
Harreman hotzagoa
Hezkuntza Sailaren protokoloak ezartzen du helduek ezin dutela eskola barrura sartu. Odriozolak adierazi du hori izan dela oztoporik nabarmenenetako bat: «Harremana batzuetan hotzagoa izan daiteke, batez ere irakasle berrientzat». Bestalde, maskala dela eta, hainbat gai ezin dituzte osotasunean landu: «Espresioa lantzea, adibidez, oso zaila da», esan du zuzendariak.
Haurrek, dena den, gogoz ekin diote ikasturteari: «Ikusi dugu umeak eskolako gauzak egiteko gogoz etorri direla». Zerainen tailerrak bukatzen dituztenean espazio bakoitza aireztatzen dute, eta ahal dena kanpoan egiten dute: «Udalarekin adostuta daukagu eskola orduetan eskolak izango duela lehentasuna». Goizez bakarrik ari dira irailean. 11:00k arte eskolako tailerretan egoten dira, eta 11:00etatik 13:00ak arte kanpoan: «Ibilaldiak, jolasak eta bestelako ekintzak egiten ditugu». Herriko plaza erabiltzen dute orain. Eguraldi txarra egiten duenean frontoira joango dira.
Ez dute positibo kasurik izan eskolan. Eskola txikia izanda eta ikasle gutxi dituztenez, denak geratuko lirateke etxean kasurik balego: «Oso kontziente gara bat gaixotzen bada denok goazela etxera». Telematikoki emango lituzkete eskolak hala balitz.
Taldekatzeak
Ezkio-Itsasoko Herri Eskolan taldekatze egonkorra egin behar izan dute, orain arte haur guztiak nahastuta ibili izan direlako: «Taldekatze horren arabera sarrerak eta irteerak leku ezberdinetatik antolatu ditugu», azaldu du Amaia Dorronsoro zuzendariak. Jolas gunea ere espazio ezberdinetan banatu dute eta eskola barruko espazioak banatu dituzte: «Lehen bakoitzak aukeratzen zuen nora joan, orain ez».
Materiala zaintze aldera ere antolatu dituzte espazioak: «Azkenean materiala aste batean talde bakar batek erabiliko du, eta egunero garbitzaileak desinfekzio lanak egingo ditu». Horrela, materiala mantendu dute, talde desberdinek era berean ez dituztelako erabiliko. Jangelan ere bi txanda egiten dituzte taldeak nahastu ez daitezen: lehenengo gazteenak eta gainontzekoak ondoren.
Tenperatura etxean hartzea eskatzen zaie ikasleei, eta eskolan bertan eskuak garbitzen dituzte. Protokoloak ezartzen dituen neurriak beteta, ahalik eta modu «naturalenean» lan egiten saiatzen dira: «Egunerokoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan nahi dugu».
Kanpoan ere emango dituzte eskolak Ezkio-Itsasoko eskolan: «Lehen kanpo espazioari garrantzia ematen genion eta orain are gehiago». Talde egonkorrak mantendu behar dituztenez, gurasoek antolatzen duten zaintza zerbitzua bertan behera utzi dute: «Ezin dugu bermatu begirale kopurua», esan du Dorronsoro zuzendariak.
Positibo kasuentzat arduradun bat izendatu dute: «Kasu positiboren bat agertzen bada, arduraduna Osasun Sailarekin jarriko da harremanetan eta haiek esango digute zer pauso jarraitu behar ditugun». Eskolan sintomak dituen ikasleren bat badago, prestatutako isolamendu gelan itxarongo du jarraibideak jaso arte.