Euskara, aurrez aurre

Geletan hainbat egokitzapen egin eta gero, Legazpiko Udal Euskaltegiak urriaren 1ean hasiko du ikasturtea. Klaseak aurrez aurrekoak izango dira. Izena emateko aukera dago oraindik

Aurrez aurreko eskolekin ekingo dio ikasturte berriari Legazpiko Udal Euskaltegiak. COVID-19aren aurrean ikasleen zein irakasleen segurtasuna bermatzeko neurriak hartuta, eta bertan hainbat egokitzapen egin eta gero, urriaren 1ean abiatuko dute 2020-2021 ekinaldia, ohiko eskaintza zabalarekin.

«Euskara ikasteko aukera izango dugu aurten ere» esan zuen Amaia Zaldua udaleko euskara zinegotziak ikasturte berri horren aurkezpenean. Ondoan izan zituen Gurutze Arrieta eta Aritz Arizaga, udal euskaltegiko zuzendaria eta irakaslea.

Maskara janztea, eskuak garbitzea, tenperatura hartzea, materiala ez konpartitzea, gelak aireztatzea… neurri orokor eta ezagun horiek ezartzeaz gain, Le- gazpiko euskaltegian gelak ere egokitu dituzte, ikasleen arteko distantzia bermatzeko. Horrela, bi gela txikien arteko pareta kendu eta 12 ikaslerentzako tokia duen gela handi bat sortu dute; lau gela izango ditu guztira, tamaina desberdinetakoak. Antolaketa horrekin, «euskaltegiko jarduera arrisku gutxiko jarduera» izango dela ziurtatu zuten.

Bestetik, ikasturte malgua izango dela ere adierazi zuten, etxean geratu behar duten ikasleek klaseak on line jarraitzeko aukera ere izango dutelako.

Ikasturtea urriaren 1ean hasiko da, eta izena emateko epea irekita dago oraindik. Internetez egin daiteke labur.eus/aurrematrikula helbidean sartuta, telefonoz 843 740 090 zenbakian eta euskaltegian aurrez txanda eskatuta (labur.eus/txanda).

Euskara ikasteagatik udalak urtero ematen dituen laguntzak ere gogoratu zituzten: herriko ikasleek %40ko beherapena dute matrikulan, %60koa langabetuek, eta 65 urtetik gorakoek eta atzerritarrek %90ekoa. HABEk eta foru aldundiak ere diru laguntzak ematen dituzte.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa