'Mirandaola 1580-1980' ikuskizunari buruzko liburua kaleratu dute
1980ko maiatzaren 3an Mirandaolako gertakariaren 400. urteurrena ospatzeko egindako egunaren kronika jaso dute liburuan

Koronabirusaren agerpenak Legazpin bertan behera utzi zituen kultur hitzorduen artean, Josean Larrea legazpiarrak egindako Mirandaola 1580-1980: Mirandaolako gertaeraren 400. urteurrenaren ospakizuna 1980ko maiatzaren 3an dokumentalaren aurkezpena zegoen. Maiatzaren 8an zen aurkeztekoa Latxartegi aretoan, ikuskizunaren 40. urteurrenean, baina Larreak sare sozialen bidez zabaldu zuen azkenik lana. Orain, ikuskizun hura gogoratzeko liburua kaleratu eta jarri dute salgai Mirandaola 1580-1980 izenburuarekin.
Josean eta Javier Larrea anaiek koordinatuta, Iñaki Zelaiaren laguntzarekin 1980ko maiatzaren 3an Mirandaolako gertakariaren 400. urteurrena ospatzeko egindako egunaren kronika jaso dute liburuan. Ospakizun haren dinamizatzaileetako bat da Zelaia, eta Jokin Otaegik idatzitako testu, bertso eta kantuen bidez, «legazpiarrentzat hain berezia izan zen egun hartan gertatutako guztiaren berri» ematen du argitalpenean, tamaina handiko 80 argazkiz lagunduta. Argazkiak Javier Larreak egindakoak dira, eta «antzezpenaren eta festaren benetako protagonistak ilustratzen eta ezagutzera ematen dituzte». Jose Anduezak egindako jardunaldiko logoaren ilustrazioa ere jasotzen du liburuak.
Legazpiko Apatxo eta Hizkuntza liburu dendetan dago salgai liburua, 20 euroren truke.
Zine klubean
Josean Larrearen Mirandaola 1580-1980 dokumentalaren aurkezpenak badu data berria: urriaren 23an aurkeztuko du Latxartegi Aretoan 19:30ean, Zine Klub Legazpi taldeak antolatuta.