Mendian, lagun artean
Txusma Perez Azazeta mendizaleak eta idazleak 'Rutas circulares por Euskadi' argitaratu du. Gertuko mendietatik ibilaldi errazak jasotzen ditu liburuak. Goierrin bi txango proposatzen ditu
Kalean da Txusma Perez Azazeta mendizale eta idazle legazpiarrak Sua argitaletxearen babesean idatzitako azken liburua: Rutas circulares faciles. Euskal Herriko mendietan zehar egiteko 45 ibilbide erraz proposatzen ditu bertan. Ohiko liburu dendetan dago salgai, 18,30 euroan.
Konfinamendu garaian amaitu zuen liburua idazten Perez Azazetak, iaz Legazpiko lagun kuadrillarekin egindako mendi ibilaldietan oinarrituta. Ibilaldi horiek zirkularrak dira, toki berean hasi eta bukatzen direnak, baina joanerako eta itzulerarako bide edo paisaia desberdinak proposatzen dituztenak. Euskal Herri osoan zehar egindako txangoak dira, «errazak, zailtasun teknikorik gabekoak, ez oso luzeak eta desnibel txikikoak, hau da, edozeinek egiteko modukoak», Perez Azaetak dioenez.
Ibilbide bakoitza azalpen errazekin eta fitxa teknikoarekin lagunduta doa liburuan, baita argazki batekin ere. Perez Azazetak egindako argazki horietan, paisaiez gain, bere txango lagunak ere agertzen dira, Legazpiko kuadrillakoak. Baita Sara Carte emaztea ere, mendian askotan alboan izaten duena.
Sara Cartek idatzi du, hain zuzen, Rutas circulares faciles liburuaren hitzaurrea. Bertan, irakurleak zer aurkituko duen azaltzen du: «Ibilaldi batzuk ohi- koak dira, baina beste batzuek, ahaztutako bideak berreskuratzeko egileak duen irrikagatik, toki ia ezezagunetara eta paisaia ikusgarriak dituztenetara eramango gaituzte».
Goierriko ibilbideak
Liburuan jasotako 45 ibilaldi horietako bi Goierrin daude. Batek, Otzaurte-Txurrukupunta-Zabalaitz-Unamendi txangoa proposatzen du, Zegama inguruan; azaleko argazkia Unamendin ateratakoa da gainera. Besteak, Legazpi-Otaño-Brinkola-Mirandaola jasotzen du. Eta hiru- garren bat Goierritik gertu-gertutik igarotzen da, Urbiatik eta Artzanburutik zehar.
Rutas circulares faciles kalera atera denerako, Perez Azazeta hasi da hurrengo proiektuarekin. Mendi aterpeetatik egiteko igoerak dira oraingoan jomuga.