XX. Josetxo Imaz Memoriala
Irailaren 27an, Beasainen lasterketa bat ikusteko aukera izan genuen, Josetxo Imaz Memoriala, hain zuzen ere. Puntualitatez ekin zitzaion Txindoki Taldeak azken bi hamarkadetan maisuki antolatutako lasterketa jendetsuari. Bertan 300 korrikalarik parte hartu zuten, COVID-19ak eragindako protokoloak betez: irteeratik 50 korrikalaritako taldetan banatuta, aurrez tenperatura partaide guztiei hartuta, segurtasun distantzia matenduz, eta abar.
Mota honetako lasterketa bat antolatzeak bere baitan dituen zailtasunez gain, hala nola, antolatzaile talde bat motibatua edukitzea, finantzaketa lortzea, lasterketa legeztatzea, segurtasun neurri guztiak bermatzea, laguntzaile mordo bat lanean aritzeko biltzea… ezinbestekoa da hizkuntz irizpideen inguruan hausnarketa bat egitea.
Lasterketa honetan ongi eginak izan ziren kudeaketak nagusi izan arren, bada nire ustez zertan hobetua: euskararen presentzian. Lasterketa iragartzen zuen kartelak euskara lehenesten bazuen ere, dortsalak euskara hutsezkoak izan arren, lasterketan esatari lanak burutzen zituen pertsonak bere lana gaztelera hutsez burutu zuen. Seguruenera ere, euskaraz ez zekien antolatzaile bat izango zen. Bere lan eskergaitza musutruk eta ahalik eta modurik onenean egiten duen horietakoa, baina zoritxarrez euskaraz ez dakiena. Gogorra izan zen proba osoan zehar bozgorailuz eskaintzen zitzaigun informazio guztia gaztelera hutsez entzutea. Ezin dut ulertu Goierri bailararen bihotzean antolatzen den kirol probarik garrantzitsuenean euskarak bozgarailuaetatik presentziarik ez izatea. Seguru nago Txindokik badituela euskaraz esatari lanak egiteko moduko laguntzaileak, Ordizian ere izango dira kazetari edo kazetari ikasle euskaldunak. Nire ikuspuntutik konponbide erraza duen hankasartze bat da igandean Beasainen pairatu genuena.
Nire ekarpen honekin ez diot Goierriko Txindoki Taldeak antolatzen duen Josetxo Imaz Memorialari kritikarik egin nahi; nire nahia, lasterketa hau hobetzeko gabeziak bistaratzea da, datozen urteetan lasterketa hobetzen joan dadin.
Zorionak, beraz, XX. Josetxo Imaz Memorialean antolatzaile eta partaide izan zintuztegun guztioi!












