Zine emanaldiak ostiralean itzuliko dira Latxartegi aretora
Zine Klub Legazpi elkartea denboraldi berria hastera doa
Sei hilabete itxita egon ondoren, Latxartegi aretoak ateak irekiko dizkie berriz ere zinemari eta zinemazaleei ostiral honetan, urriak 2. Zine Klub Legazpi elkartea denboraldi berria hastera doa, eta estreinaldirako Beti Gazte Animakzio elkartearekin lankidetzan, Bi urte, lau hilabete eta egun bat aukeratu du.
Zine Klubekoek emanaldietarako neurri batzuk hartu dituzte. Hala, Latxartegiren edukiera 177 eserlekura mugatu dute, sarrerak zenbakidunak izango dira, sarreran eskuak garbitzea derrigorrezkoa izango da, maskara jantzia eraman beharko da uneoro eta ezin izango da ezer jan. Sarreren salmetan ere aldaketak egingo dituzte, eta leihatilako txartelekin ordaintzea gomendatzeaz gain, webgune bat ere sortuko dute erosketak egiteko.
Logistika guztiaz gain, Zine Klub Legazpik urriko programazioa ere prestatu du, eta Akelarre edo La boda de Rosa bezalako filma estreinatu berriak emango dituzte datozen asteburuetan. Haurrentzako emanaldiak ere izango dira, igandeetan 16:30ean.
Insumisioa, hasteko
Ostiralean, urriaren 2an Bi urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentala proiektatuko da, 19:30ean. Lander Garrok zuzenduta, intsumisioaren mugimen- dua oroitu eta omendu nahi ditu dokumentalak. Derrigorrezko soldadutzaren aurka borrokatu zuten sei lagunen istorioa kontatzen du, soldadutzara joan baino, espetxera joatea nahiago izan zutenena. Garro bera emanaldian izango da.
Instsumisioaren mugimenduak Legazpin izan zuen indarra nabarmendu dute Beti Gazteko kideek, eta LEGIA taldea gogoratu dute: «Euren burua intsumisotzat jo zuten legazpiar mordoa izan zen, eta udala ere, intsumiso deklaratu zen pleno batean».
Sarrerak aldez aurretik salgai daude 5 euroan. Hizkuntza liburu dendan eta Kukue eta Katilu tabernetan erosi daitezke.