Artola Beasaingo alkate izango da, Aldasorok kargua utzi egingo baitu
Aldaketa noiz gauzatuko den ez dute zehaztu: «Patxadaz egin behar da, presarik gabe». Artolak agintaldi planarekin jarraituko duela iragarri du, «ahalik eta ondoen»
Leire Artola Beasaingo hurrengo alkatea izango da. Aitor Aldasorok kargua utzi egingo du legebiltzarkidea izango delako aurrerantzean, eta Beasainen bizi den andoaindarrak hartuko du bere lekua. 1979. urtetik bederatzigarren alkatea izango da, lehendabiziko emakumea.
Kargu aldaketa noiz egingo duten ez dute zehaztu. «Alkatetzara iristeko proiektua herriko eragile dezenterekin garatu genuen. Eskualdatzea beraiei zuzenean azaltzea zor diegula iruditzen zait. Horrek zenbat denbora eramango digun ez dakit, baina aldaketa patxadaz egin behar da, presarik gabe», zehaztu du Aldasorok. «Legebiltzarra oraindik batzorde eraketan dago eta niri ez dit gehiegizko lan karga suposatzen», gaineratu du. Erabakia Beasaingo udalbatzak onartu beharko du, plenoan. «Erabakia astearte arratsaldean hartu genuen, eta jarraian ezagutarazi dugu. Ez dugu espekulatu nahi, transparentzia ariketa da hau».
Aldasoro legebiltzarkidea izango da, eta legeak bi karguak uztartzea ahalbideratzen dion arren, uztea erabaki du. «Alderdiarentzat ez da erabaki erraza izan. Nik partekatzen dut toki askotan egoteak ez duela aukera ematen guk udaletxeko lana ulertzen dugun bezala mantentzeko. Alde horretatik, nire etapa berri bat irekitzen zait». Hunkituta nabaritu da kazetarien aurrean. Oraindik ez daki zein ardura izango duen Gasteizen, baina euskarari lotutako batzorderen batean egon nahiko lukeela aitortu du.
Gasteiztik egingo du lan
Lantoki berria Gasteizen izango duen arren, Beasaindik ez dela aldenduko azpimarratu du. «Beasainekin eta proiektu honekin ditudan loturak oso handiak dira eta ezingo ditut alboratu. Adibidez, CAFekin hitzarmen bat sinatuta dugu, baina jarraipen lana eskatzen du horrek. Zorionez, hori gauzatu dadin zirikatzeko gertuago nago han. Berdin Bonberiako eraikinarekin, trenaren proiektuarekin… handik eragiteko proiektu asko daude, eta dudarik ez dago, han ere aprobetxagarri izaten saiatuko naizela».
Aldasorok arantzak ere baditu: «Itxi ez ditugun proiektu denak», laburbildu du. Proiektuak gauzatu ahal izateko urratsak «oso motelak» direla nabarmendu du, eta zaila dela nahi den guztia gauzatzea. «Igartzako jauregia 1982. urtean bereganatu zuen udalak. 2009an inaguratu zen. Pentsa zenbat legegintzaldi pasatu diren». Burututako lanek, ordea, poztasun berezia ematen diote.
Artolak hartuko du aginte makila, egungo alkateordeak. «[Aldasoro] zerrendatan zegoen momentutik bagenekien parlamentari kargua har zezakeela. Gainera, Arantxa [Tapia] Jaurlaritzara joan zenean bagenekian aldaketak egongo zirela. Alderdiak bere dinamikak ditu eta, betiere guri kontsultatuz, pausoz pauso joan gara», laburtu du Artolak. «Erantzukizun handiz eta ilusioz hartzen dut kargua. Nire aurrekoek egin bezala, ahalik eta ongien eta txukunen egiten saiatuko naiz, talde lanean». Aldasorok ilusioa oso garrantzitsua dela erantzun dio, bestela «akabatuta zaude. Karga modura hartuko bazenu, edozein enpresetan gertatzen den bezela, berehala utziko zenuke. Osasunarentzat ez da ona», ohartarazi dio.
Artolak udal gobernuaren agintaldi planarekin jarraituko duela iragarri du. «Martxan ditugun egitasmoak exekutatzea da erronkarik nagusiena». Herriak aldaketarik ez duela nabarituko baieztatu dute, taldea eta konpromisoak jarraitu egingo dutelako. «Leire bezalako pertsona batek on gehiago egingo dio kalte baino, dudarik gabe», laudatu du. Artola, alkateordea izateaz gain Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea ere bada, nahiz eta batzordekide izateari uzteko asmoa duen.
Oposizioaren kritikak
Alkatetzaren esku aldatzea ofizial egin zenetik oposizioak ez du adierazpen publikorik egin, baina aurreko astean EH Bilduk eta PSE-EEk Aldasorori legebiltzarkide eta alkate lanak bateragarriak ez zirela esan zioten. Oposizioak alkatea erabateko arduraldia eskatu zion.