Aitzol Gorospek Euskadiko ehiza txikiko txapelketa irabazi du
Gazteen mailan lortu du txapela, Lagun txakurrak lagunduta.
Aurreko asteburuan Gipuzkoako txakur-ehiza txikiko txapelketa irabazi ondoren, Aitzol Gorospe legazpiarrak Euskadiko txapela ere jantzi du larunbat honetan, gazteen mailan. Gipuzkoakoan bezala, oraingoan ere etxean hazitako eta trebatutako Lagun txakurraren laguntza izan du Brinkolako Zubiaur baserriko gazteak.
Euskadiko txapelketa Arabako Zanbranan jokatu zen larunbatean, eta bertan, Gorospek epera bat eta 16 galeper ehizatu zituen Lagunekin batera.
Brinkolarra “oso pozik” dago bigarren txapel honekin ere. 18 urte betetzeko bezperan irabazi du gainera.













