Mendia, arituen bizipenetatik
Bihar hasiko da XIX. Beasaingo Mendi Festibala. Lau ikus-entzunezko eskainiko dituzte Usurbe antzokian.
‘Sustraiak. Raíces perdidas’ filmeko irudi bat.Hitza Mendia berriz ere protagonista izango da Beasainen urrian, Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak antolatutako XIX. Beasaingo Mendi Festibalaren harira. Mendizaletasunaren, abenturaren eta mendi-kirolen zaleentzat urteroko hitzordua iritsi da. Bihar, etzi eta hurrengo asteko astearte eta asteazkenean, ikus-entzunezko bana proiektatuko dute Usurbe Antzokian. Saio guztiak 19:00etan izango dira. Bizitako esperientziak partekatuko dituzte protagonistek zuzenean ikuslegoarekin.
Bihar, L’essència del compromís lana aurkeztuko du Huescako Ruben Sanmartin mendigoizaleak. Sanmartinek, Bru Busom eta Marc Toralles katalanekin batera, 2026ko Urrezko Pioleta saria jaso du, goi-mendiko jardueren nazioarteko aitortza handienetakoa. Hiru mendigoizaleek 6.634 metroko altuera duen Peruko Yerupajá mendiaren ekialdeko ezproi eta ertzaren lehen igoera osoa egin zuten. 3.000 metro luzeko eta zailtasun tekniko handiko ibilbide horren izena da L’essència del compromís.
Airetik kanpalekura
Etzi, berriz, Luis Arrieta eskalatzaile iruindarrak Sustraiak. Raíces perdidas filma aurkeztuko du. Hiba, Bachir eta Mananen istorioa kontatzen du. Artean ume zirela eta heldu baten laguntzarik gabe, beraien jatorrizko herrialdetik Nafarroara heldu ziren hiru gazteren kontakizuna da. Ekoizpenak Kultura eta Naturaren Film Onenaren saria jaso zuen Bilboko BBK Mendi Film Festival jaialdian.
Hurrengo astean izango du jarraipena mendi festibalak. Urriaren 20an, Mattin Iñiguez zegamarrak 2025eko Red Bull X-Alps proban izandako parte-hartzeari buruzko emanaldia eskainiko du. Bere parte hartzea zailtasunez beteta egon zen, baina esperientziak une ahaztezinak utzi zizkion. Horietaz ariko da Beasainen.
Festibalak eskainiko duen ikus-entzunezkoen zikloa amaitzeko, Nacho Merinok Viviendo el sueño Alaskeño aurkeztuko du urriaren 21ean. Alaskako McKinley mendigunetik itzuli berri da Jakan bizi den madrildarra. 4.200 metroko altuera duen Hunter mendiaren ipar horma eskalatzeko asmoz joan zen beste bi lagunekin batera. Espedizioaren helburua ia 2.000 metroko desnibela eta zailtasun tekniko handiko eskalada dituen horma igotzea zen, lehen espainiarren igoera egiteko asmoz. Ikus-entzunezkoak horrelako ezaugarriak dituen espedizio batean bizi diren egoerak eta zailtasunak ezagutzeko aukera emango dio ikuslegoari. Arreta berezia jartzen dio lanak oinarrizko kanpalekuko bizitzari.
Esperientzien topagune
Proiekzioez gain, edonorentzat irekia den jarduera bat eskainiko du XIX. Beasaingo Mendi Festibalak. Urriaren 24an, Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien jardunaldia egingo dute, eskalada eta mendiko kirolak haur eta helduei gerturatzeko. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era izango da.
XIX. Beasaingo Mendi Festibalak kirol-erronka handiak, espedizioak, eskalada, hegaldia, zinema eta, batez ere, mendiarekin lotura duten pertsonen kontakizunak uztartzen dituen egitaraua dakar. Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak azaldu dutenez, esperientziak partekatzeko topagune izatea, mendiko kirolen praktika sustatzea eta ingurune hori bizitzeko eta ulertzeko dauden modu desberdinak herritarrengana hurbiltzea dira jaialdiaren helburu nagusiak.
XIX. Beasaingo Mendi Festibalaren egitaraua
Urriak 13, asteartea
Ruben Sanmartin: L’essència del compromís.
Urriak 14, asteazkena
Luis Arrieta: Sustraiak. Raíces perdidas.
Urriak 20, asteartea
Mattin Iñiguez: Red Bull X-Alps 2025.
Urriak 21, asteazkena
Nacho Merino: Viviendo el sueño Alaskeño.
Urriak 24, larunbata
Eskalada praktikak, Antzizar kiroldegiko rokodromoan.













