CAF kalte-ordainak ordaintzera zigortu dute
Donostiako Gizarte Epaitegiak ebatzi du Celestino Tolosaren eriotza lan istripua izan zela eta Beasaingo konpainia kalte-ordainak ordaintzera zigortu du
CAFek 133.665,90 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Tolosa sendiari Celestinoren heriotzagatik. Hala erabaki du Donostiako Gizarte Epaitegiak. Alargunari 108.540,74 euro ordaindu beharko dizkio, eta alabari 25.125,16 euro. Oria galdarategia absolbitu egin dute, langileak amiantoarekin zuzenean lan egin zuela ezin izan baita frogatu.
Celestino Tolosak CAFen ia 30 urte egin zituen galdaragile lanetan. Epaileak frogatuta ikusi du amiantoarekin zuzenean egiten zuela lan, eta horrek eragin ziola biriketako minbizia. Tolosa 2008an hil zen.
Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteak poza adierazi du epaia ezagutu duenean. Halaber, Osakidetzari eskatu diote ez dezala lanak eragindako arnasketa arazoak ezkutatzen lagundu. Ohitura pertsonalez gain, lan baldintzen inguruan galdetzeko ere eskatu diote eta, susmoak izanez gero, Osalani abisua emateko. Osalanen ardura da segurtasun neurri guztiak betetzen direla baieztatzea.