Ordiziarrock jaialdiaren XVII. edizioa urriaren 23an eta 24an izango da
Kultur jardueren etenaren ostean, Ordiziarrock musika jaialdia urriaren 23an eta 24an itzuliko da. Ordiziarrock Ekintzak taldeak herenegun zabaldu zuen berria. Kartel oparo eta indartsua antolatu dute aurtengo ediziorako: besteak beste, Zea Mays, Kokein, Viva Belgrado, Sua eta Dupla taldeak ariko dira.
Ordiziako Jakintza Ikastolan izango da jaialdia aurten. Ostiralean, hilaren 23an, Viva Belgrado eta Suaren kontzertua egongo da, 19:30etik aurrera. DJ Monkey ere ariko da musika jartzen. Larunbatean, aldiz, hilaren 24an, Zea Mays, Kokein eta Dupla taldeen txanda izango da, 18:00etatik aurrera. Antolakuntzak adierazi du laster jarriko dituztela sarrerak salgai. COVID-19a dela eta, segurtasun neurriak hartuko dituzte.
Desinfekzio guneak
XVII. edizioa izango da 2020ko Ordiziarrock jaialdia. Berezia izango da COVID-19ak eragindako egoeragatik, baina segurtasuna bermatzeko hainbat irizpide ezarri dituzte: metro eta erdiko distantzia egongo da eserlekuen artean, sarreretan desinfekzio alfonbrak eta mahaietan gelak jarriko dituzte eta QR bidez eskatu eta ordainduko dute ikusleek jana eta edaria. Horrez gain, musukoa uneoro jantzita izatea derrigorrezkoa izango da.
Aforoa mugatua izango denez, adi egon beharko dute interesdunek sarrerak erosteko.













