Zegaman PCR masiboak egitea baztertu dute oraingoz
Ostiralean Osasun Sailak argitaratutako txostenaren arabera, urriaren 2tik 8ra 20 kasu positibo atzeman dituzte Zegaman. Joseba Izagirre alkateak adierazi du egoera ez dela "alarmatzekoa".
Osasun Sailak ostiralean argitaratutako txostenaren arabera, urriaren 2tik 8ra bitartean 20 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Zegaman. Asteburuko datuetan kasu gehiago agertu daitezkeela azaldu du Joseba Izagirre alkateak, baina egoera kontrolpean dagoela esan du: “Egoera ez da alarmatzekoa”.
Osasun Sailarekin harremanetan dago Zegamako Udala. Zegama bezalako herri batentzako zifra altuak diren arren, PCR masiboak egitea baztertu dute oraingoz. Eraikin publikoek eta haur parkeek itxita jarraituko dute: “Bihar erabakiko dugu zer egin”, adierazi du Izagirrek.